Gipuzkoa-Ezker Horma Zesta Punta Txapelketaren finalak jokatuko dituzte Mutrikun
Bihar [azaroak 25] arratsaldean izango dira final handiak Miruaitz frontoian, eta hura lehiatuko duten gipuzkoar puntista onenen artean daude herriko Danok Bat taldeko kideak. Zehatz esateko, Mutrikuko Danok Bat pelota eskolako hiru bikotek parte hartuko dute.
19:00etan hasiko da lehen partida. Hain zuzen ere, kadete mailako finala jokatuko dute lehenengo. Ondoren, gazteen txanda izango da, eta horien finala amaitzean nagusien 2. mailako eta 1. mailako finalak lehiatuko dituzte.
Udalerriko taldeko Zuhaitz Arrillaga eta Aratz Mendizabal lehiatuko dira kadete mailan. Donostia Jai-Alai taldeko Alberro Hernandez lehengusuak izango dira horien aurkariak.
Gazteen finala, aldiz, Aitor Manzisidorrek eta Xabier Arrizabalagak jokatuko dute Eduardo Agirre eta Cristian Saez zumaiarren kontra.
Halaber, nagusien 2. mailako partidan, Ekaitz Mendizabal eta Mikel Manzisidor mutrikuarrak Zumaiako taldeko Telmo Manterola eta Iñaki Alonsoren aurka ariko dira nor baino nor gehiago.
Bestalde, nagusien 1. mailan donostiarren eta zumaiarren arteko lehiaz gozatuko dute pilotalekura hurbiltzen direnek. Unai eta Asier Alberro anaia donostiarrek eta Kosme Agirre eta Unai Uranga zumaiarrek lehiatuko dute aipatu finala.
Txapelketan erakutsitako mailarekin pozik. Jose Mari Manzisidor Danok Bat pelota eskolako kideak azaldu duenez, taldeko puntistek txapelketan maila ona erakutsi dute, eta oso ondo aritu dira lanean. “Emaitzak hor daude, eta pozik gaude taldeak erakutsi duen mailarekin. Adibidez, Aratzek eta Zuhaitzek maila ona dute, eta bestalde, Ekaitzek eta Mikelek jubenilak izan arren, nagusien mailan parte hartu dute”.
Amaieran luntxa. Final guztiak jokatu, eta txapelak eta oroigarriak banatu ondoren, Danok Bat pelota eskolako kideen eskutik, luncha egongo da zestalari guztientzat.