Ondarroako
Gure Esku Dago herri dinamikak batzar irekia egingo du etzi [azaroak 26], 11:00etan, Kofradia Zaharrean. 2017ko udaberrian Lea-Artibai eskualdean egingo den herri galdeketari begira egingo den batzarra izango dela jakitera eman dute Ondarroako Gure Esku Dago-ren ordezkariek.
Oro har, orain arte egindako batzarretan jaso duten informazioa zabalduko diete batzarrera bertaratzen diren herritarrei, eta horrez gain, herri galdeketa bat gauzatzeko dauden arazoak eta eman beharreko pauso guztiak azalduko dituzte. “Herri galdeketa azkenengo puntua da, baina horra ailegatu aurretik eman behar ditugun pauso guztien berri eman, eta informazio hori partekatu nahi dugu herritarrekin”.
Hurrengo hilabeteotako bideorria zein izango den azaltzeaz gain, gonbidapen formala luzatuko diete bateko edo besteko zereginetan laguntzeko prest daudenei. “Herri galdeketa antolatzeko laguntza handia behar da, eta gure asmo nagusia taldeak antolatzen hastea da”.