Astrak IV. Jardunaldi antimilitaristak hartuko ditu datorren astean
Astelehenean hasi eta eguaztenera arteko egitaraua antolatu dute Gernika Gogoratuzek, Gernikatik Mundurak eta Ideasurrek. Hiru hizketaldi emango dituzte; egun bakoitzean bana.2013. urtean egin zituzten lehen jardunaldi antimilitaristak Gernika-Lumon, e...
Astelehenean hasi eta eguaztenera arteko egitaraua antolatu dute Gernika Gogoratuzek, Gernikatik Mundurak eta Ideasurrek. Hiru hizketaldi emango dituzte; egun bakoitzean bana.
2013. urtean egin zituzten lehen jardunaldi antimilitaristak Gernika-Lumon, eta, geroztik, urtero egin izan dituzte. 2016. urtea ez da salbuespena izango, eta IV. jardunaldietan murgilduko dira datorren astean. Hala, Gernikatik Mundura, Gernika Gogoratuz eta Ideasurrek prestatutako egitarauaren barruan, hiru saioz gozatzeko aukera edukiko du astelehen, martitzen eta eguaztenean Astrara bertaratzen denak.Antimilitarismoari eta memori historikoari buruzko jardunaldi horien helburua gerraren kontrako mezua zabaltzea da, eta, bide horretan, bertoko herritarrak kontzientziatzea bilatu izan dute antolatzaileek, etorkizuneko gerrak ekidin asmoz.
Aurrekoan legez, hiru hizketaldi izango dira aurten ere; guztiak 18:00etatik 20:30era, Astran. Astelehenean egingo dute lehena, eta Maitane Azurmendi eta Maria Luisa Menendez Agirre Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia Plataformako kideak izango dira hizlariak. Greziako errefuxiatuen eskubideen aldeko euskal karabanaz hitz egingo du Azurmendik, eta Idomeniko kanpalekuko errealitateaz ariko da, berriz, Menendez. Gainera, aipatu plataformaren berri ere emango dute.
Bigarren saioa, berriz, martitzenean egingo dute, eta Gabirel Ezkurdia politologoak Siria eta hurbileko ekialdearen gudak eta gerra osteko berreraikuntzaren inguruko egi, gezur eta konspirazioak izango ditu hizpide. Bestetik, Hegoa Institutuko ikerlari Gloria Guzmanek Mendebaldeko Saharako emakumeen memoriari eta erresistentziari buruzko berbaldia emango du.
Azken solasaldian, Kataluniako Bakearen Nazioarteko Institutuko kide Tica Font izango da, batetik, eta Siriako gerra geldiarazteko aliantzak eta ekintzarako deialdiak zeintzuk diren azalduko ditu. Halaber, Siriako Bakerako Planaren 6 puntuak aurkeztuko ditu. Bestetik, Centre Delais d’Estudis per la Pau Centre Delais-eko presidente Pere Ortega Europako gotorleku bihurtu eta mugetako segurtasuna militarizatzeko politikaren aurreko sentsibilizazio eta lanerako sinergiez ariko da. Gainera, Katalunian sortutako Stop Mare Nostrum plataformari buruzko informazioa ere emango du.