Euskarririk barik zaintzearen aldeko joerak, gehitzen

Jarrileku, ohe, aulki guztietatik euskarriak kentzeren onurak azpimarratzen dituzte joera horren aldekoek.
«Gaixoa edo nagusia interpretatzen jakin behar da, eta horretarako ezagutu egin behar da» azaltzen du Idoia Biteri Markina-Xemeingo San Roke egoitza eta eguneko zentruko koordinatzaileak. Horretarako pertsonaren gaineko datuak hartzen dituzte kontuan: ohiturak, gustuak, jarduerak… eta horren arabera jokatzen dute. «Esate baterako ez da berdina kalean bizitako norbait izatea edo baserri batekoa, ohitura ezberdinak izan ditzakete bai eta interesak ere».Hortik aurrera era askotako herramintak erabiltzen dituzte pertsona gustura eta lasai egoteko. «Hitz goxoak, ezagunak, logelak pertsonalizatuak…». Hori guztiori pertsonaren inguruan oinarrituta. Segurtasuna kontuan hartuta, erorketak eta ekiditeko, euskarririk ez erabiltzeko eta egoiliarrak autonomoagoak izateko egokitu egin dute egoitza. Jarrileku txikiagoak, barandak, gidaridun ateak, mugimendua nabaritzen duten oheak… Era askotako ordezkoak jarri dituzte, eta hor omen dago euskarriak ekiditeko gakoetako bat. «Euskarri barik egoiliarrak errazago erori daitezkeela uste da, baina alderantziz gertatzen da», azaldu du Biterik.«Muskuluak indartzen joaten zaizkie eta oreka ere hobeto mantentzen dute». Eraikineko aldaketekin batera, egiteko eran ere aldaketa osoa eman dute. 24 orduko zaintza egiten dute orain, esate baterako. Talde lana izan dela azpimarratzen dute, eta denak direla garrantzitsuak. Gainera, aldaketak merezi izan duela diote pozik. Behargin guztiak ahalegin handiagoa egin eta arreta handiagoa eskeini behar badute ere, emaitzak oso agirikoak direla nabarmendu dute. «Bai eta egoiliarren gogobetetasuna ere», azaldu du koordinatzaileak. «Pertsona nagusien duintasuna eta bizi kalitatea nagusi dira eredu honetan. Zaindutako pertsonaren nahiak eta beharrizanak kontuan hartzea eta bere duintasuna eta autonomia bultzatzea bilatzen da». Euskarririk ez erabiltzea duintasunerako oinarrizkoa izateaz gainera, egoiliarren osasunerako ere hobea dela diote, eta senide eta zaintzaileentzat abantaia asko omen ditu. «Lokarriak kentzean direnean muskuluen tonua, koordinazioa eta oreka hobetu egiten dira». Horrez gain, egoiliarrentzat eta senideentzat onura psikoemozional handiak ere ekarten dituela azaldu du.
«Atrofia edo antsietatea sortzeko arriskua ere gutxitu egiten da. Lokarriak erabiltzen diranean, ostera, ultzerak, ahuldade fisikoa, agresibitatea eta depresioak sortzen dira».Familien garrantzia. Euskarririk ez erabiltzeko prozesuaren arrakastaren alderdi garrantzitsuenetako bat egoiliarren familiak izan direla ere azpimarratu nahi izan dute Markina-Xemeingo egoitzan. «Familien konfidantza beharrezkoa da proiektu hau aurrera eramateko, eta lehen momentutik bat egin dute gure apostuarekin». Aldaketaren aurrean, hasiera batean senideek beldurra edukitzea normala dela dio Idoia Biterik, baina aldaketak azalduta, aurrerapausoa ematea erabaki zuten, guztiek batera, eskutik. Emaitzak hasieratik nabaritu zituztela azaldu du Biterik. «Begirada galduta zeukan nagusia bere onera etortzen edo mugitzea kostatzen zitzaiona bere kabuz mugitzen hasi dela ikusi dugu eta horrek animoak eman dizkigu beharginoi eta batez ere familiei». Aldaketa hain izan da ona, kanpokaldea ere segurtasun heziekin eta euskailuekin egokitu egin zutela, egoiliarrak kanpoan ere lasai asko ibiltzeko.