Gaixo eta nagusien segurtasuna bermatzen zuenaren ustetan, ohikoa izan da, urte askotan, euskarrien erabilera etxe zein egoitza eta eguneko zentroetan. Azken aldian, ostera, aldatzen hasi da joera hori eta gero eta gehiago dira euskailurik gabeko zaintzaren alde apustu egiten dutenak. Herrialde garatuenetan euskailuen kudeaketa aspalditik garatutako gaia da, oso murritza jadanik. Ikerketetan jasotako datuen arabera, Euskal Herrian, ordea, oraindik gehiegi erabiltzen dira. Dena dela, gero eta zentru gehiago daude aldaketaren bide horretan.
Gaixo eta nagusiek jasaten zuten egoera ikusita,
Cuidados Dignos Fundazioak Libera Ger araua sortu eta bultzatu zuen. Geriatria eta gerontologia profesionalen eskutik sortu zen zaintza indibidual, motibatzaile eta lotura gabekoa defendatzen duen araua.
Proiektu horren baitan sortu zen Libera Care zaintza
paradigma berria ere: harreta, plangintza eta prebentzio eredu berria. Zaintza eredu osotu horrek zaintzen den pertsonaren duintasuna du helburu. Pertsonarengan oinarritutako zaintza da, pertsonari beren beregi zuzentzen zaion arretan oinarritua, eta lotura edo euskarri gabekoa.
Jarrileku, ohe, aulki guztietatik euskarriak kentzeren onurak azpimarratzen dituzte joera horren aldekoek.
Euskal Herrian hamar egoitza daude Libera Care ziurtagiria dutenak, eta euretako bat Markina-Xemeingoa da. Loturarik barik zaintzea posible dela bermatu dute, eta lokailurik gabeko zaintza eredu horren onurak azpimarratzen dituzte gainera, biziki.
Aldaketak. «Inork ez duela lotuta egon nahi» eta «lotuta inor ez dela duin sentitzen» diote Markina-Xemeingo San Roke Egoitzan. Libera Care metodologia ezarrita daukate zentroan, eta pozik diote lokairurik gabeko zaintza posible dela. Eredua zaintzen duten pertsonentzat, zaindutako pertsonentzat bai eta familiarentzat ere onuragarria dela azpimarratzen dute.
Urte batzuk ezartzen eman eta gero 2015ean eskuratu zuten egoiliarren zaintza duina eta euskarririk gabea egiaztatzen duen
Libera Care Dignos ziurtagiria, eta arau horretako ziurtagiria lortzen zuen Estatu Espainiarreko bigarren egoitza izan ziren.
«Gaixoa edo nagusia interpretatzen jakin behar da, eta horretarako ezagutu egin behar da» azaltzen du Idoia Biteri Markina-Xemeingo San Roke egoitza eta eguneko zentruko koordinatzaileak. Horretarako pertsonaren gaineko datuak hartzen dituzte kontuan: ohiturak, gustuak, jarduerak… eta horren arabera jokatzen dute. «Esate baterako ez da berdina kalean bizitako norbait izatea edo baserri batekoa, ohitura ezberdinak izan ditzakete bai eta interesak ere».
Hortik aurrera era askotako herramintak erabiltzen dituzte pertsona gustura eta lasai egoteko. «Hitz goxoak, ezagunak, logelak pertsonalizatuak…». Hori guztiori pertsonaren inguruan oinarrituta.
Segurtasuna kontuan hartuta, erorketak eta ekiditeko, euskarririk ez erabiltzeko eta egoiliarrak autonomoagoak izateko egokitu egin dute egoitza. Jarrileku txikiagoak, barandak, gidaridun ateak, mugimendua nabaritzen duten oheak… Era askotako ordezkoak jarri dituzte, eta hor omen dago euskarriak ekiditeko gakoetako bat. «Euskarri barik egoiliarrak errazago erori daitezkeela uste da, baina alderantziz gertatzen da», azaldu du Biterik.«Muskuluak indartzen joaten zaizkie eta oreka ere hobeto mantentzen dute».
Eraikineko aldaketekin batera, egiteko eran ere aldaketa osoa eman dute. 24 orduko zaintza egiten dute orain, esate baterako. Talde lana izan dela azpimarratzen dute, eta denak direla garrantzitsuak. Gainera, aldaketak merezi izan duela diote pozik. Behargin guztiak ahalegin handiagoa egin eta arreta handiagoa eskeini behar badute ere, emaitzak oso agirikoak direla nabarmendu dute. «Bai eta egoiliarren gogobetetasuna ere», azaldu du koordinatzaileak.
«Pertsona nagusien duintasuna eta bizi kalitatea nagusi dira eredu honetan. Zaindutako pertsonaren nahiak eta beharrizanak kontuan hartzea eta bere duintasuna eta autonomia bultzatzea bilatzen da».
Euskarririk ez erabiltzea duintasunerako
oinarrizkoa izateaz gainera, egoiliarren osasunerako ere hobea dela diote, eta senide eta zaintzaileentzat abantaia asko omen ditu. «Lokarriak kentzean direnean muskuluen tonua, koordinazioa eta oreka hobetu egiten dira».
Horrez gain, egoiliarrentzat eta senideentzat onura psikoemozional handiak ere ekarten dituela azaldu du.
«Atrofia edo antsietatea sortzeko arriskua ere gutxitu egiten da. Lokarriak erabiltzen diranean, ostera, ultzerak, ahuldade fisikoa, agresibitatea eta depresioak sortzen dira».
Familien garrantzia. Euskarririk ez erabiltzeko prozesuaren arrakastaren alderdi garrantzitsuenetako bat egoiliarren familiak izan direla ere azpimarratu nahi izan dute Markina-Xemeingo egoitzan. «Familien konfidantza beharrezkoa da proiektu hau aurrera eramateko, eta lehen momentutik bat egin dute gure apostuarekin».
Aldaketaren aurrean, hasiera batean senideek beldurra edukitzea normala dela dio Idoia Biterik, baina aldaketak azalduta, aurrerapausoa ematea erabaki zuten, guztiek batera, eskutik.
Emaitzak
hasieratik nabaritu zituztela azaldu du Biterik. «Begirada galduta zeukan nagusia bere onera etortzen edo mugitzea kostatzen zitzaiona bere kabuz mugitzen hasi dela ikusi dugu eta horrek animoak eman dizkigu beharginoi eta batez ere familiei». Aldaketa hain izan da ona, kanpokaldea ere segurtasun heziekin eta euskailuekin egokitu egin zutela, egoiliarrak kanpoan ere lasai asko ibiltzeko.