Ibilketa nordikoa teknika, aztergai, gaur eta bihar
Ibilketa nordikoa teknikari buruz gehiago jakin gura dutenek gaur eta bihar izango dute horretarako aukera. Gernika Atletismo Taldeak antolatuta, hitzaldia egongo da gaur, Gernika-Lumon. Bihar, berriz, Bermeoko Udal Kirol Patronatuaren hileko kirol eki...
Gernika Atletismo Taldekoek Santanape kiroldegian eskainiko dute gaur hitzaldia, 19:00etan hasita. Martxa nordikoa ezagutara emateko baliatuko dute hitzordua.
Hain zuzen ere, iraupen-proba horren nondik norakoak eta ezaugarriak azalduko dituzte, eta bertaratzen direnen galderei erantzungo die.
Horregaz batera, Gernikako Atletismo Taldeko kideek ibilketa nordikoagaz lotuta prestatu dituzten proiektuak edo egitasmoak zehaztuko dituzte.
Kirol jarduera horren zaletu direnei zein orokorrean kirola egitea gustukoa dutenei zuzendutako saioa izango da. «Berdin du adinak edo eta egoera fisikoak».
Hastapen ikastaroa
Bermeoko Udal Kirol Patronatuak eskaintzen duen hileko kirol ekimenaren baitan, bestalde, ibilketa nordikoa teknika landuko dute bihar. Hastapen ikastaroa izango dela azaldu dute, eta 12 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahalko dute ikastaroan. Hastapen ikastaroa 10:00etatik 13:00etara izango da, eta parte hartu gura duten horiek aurretiaz eman beharko dute izena, Araneko kiroldegian. Gehienez, 20 pertsonek parte hartu ahal izango dute.
Joan den barikuan, azaroaren 18an, ibilketa nordikoa teknikari buruzko beste hastapen ikastaro bat eskaini zuten, eta hamabost lagunek parte hartu zuten. Parte hartzaileek egindako balorazioa «oso ona» izan zela adierazi dute Kirol Patronatukoek.
Nahiz eta bere teknika askoz zabalagoa den, bastoien laguntzagaz egiten den martxa erregularra bezala da ezaguna ibilketa nordikoa. Praktikatzea «osasuntsua» dela diote Kirol Patronatuko arduradunek; izan ere, «ahalmen kardiobaskularra hobetzen du, bizkarraren muskuluak indartzen ditu eta osteoporosia saihesten du».