Dabide Cabaleiro galiziarrak Euskal Herriaren eta Galiziaren arteko lotura jasotzen dihardu
Sitio distinto dokumentalean.
Ibai Muñiz Ondarroako historialariak ere parte hartuko du, Ondarroan galiziarren komunitateak izan duen pisua azaltzen.
Dokumentalean Ondarroa agertzen da….
Ondarroa agertzen da, bai, deigarria delako, batetik, XX. mendearen bigarren zatian zenbat lagun etorri ziren Ondarroara, eta, bestetik, zelako ondo integratu ziren.
Noiz hasi ziren galiziarrak Ondarroara etortzen?
Galiziarrak 50eko hamarkadan hasi ziren Ondarroara etortzen. 1945eko padroian pare bat familia galiziar agertzen dira, eta 1965eko padroian, 312 galiziar agertzen dira, gehienak arrantzaleak. Izugarrizko jauzia eman zen. 1986an 694 galiziar zeuden erroldatuta, hau da, Ondarroako biztanle guztien %7. Denak ez ziren erroldatuta egongo, eta Astilleru bueltakoak ez daude zenbatuta, garai hartan Berriatua zen eta. Edozelan ere, oso kopuru altua da. 80ko bigarren zatian etorritakoak izan ziren azkenak Galiziatik etortzen. Casa Galizia bilgune ofiziala izan zen arren, Cantabrico taberna zuten bildu leku naturala.
Nondik zetozen?
Ia denak Coruñatik eta Pontevedratik etorri ziren, kostatik; komunidade handiena berton errotu zuten, beste historialari batzuei entzun diedanaren arabera. Pasaiako Trintxerpen, Bilboko Masustegin eta Barakaldon ere errotu dira galiziarrak. Barakaldora 1. industrialdean hasi ziren etortzen.
Familiagaz zetozen?
Hasieran, familiak ekartzen hasi ziren Ondarroara, eta herri bereko beste familia batzuei deitzen. Geroago, batez ere 80ko hamarkadan, ezkontza mistoak hasi ziren, galiziarren eta ondarrutarren artekoak. Ordurako beste pentsamolde bat zegoen.
Beste migrazio flujo batzuk ere aztertzen ari zara?
Batetik, erroldak aztertzen nabil; eta, bestetik, Nerea Gartziagaz batera, elkarrizketak egiten, Galiziatik etorritakoekin. Beste herri batzuetatik ere etorri zen jendea, Huelvatik, adibidez, nahiz eta galiziarren beste ez.
Berton gelditu den komunitatea izan da galiziarrena?
Denak geratuko ez ziren arren, abizena hementxe geratu da. Hobeto integratu direnak geratu egin dira, eta gutxiago integratu direnak joan egin dira. Padroia ikusita ikusten da gehienek sustraiak bota dituztela. Hala ere, sare sozialen bidez konturatu gara Galiziara buletatu ziren askok Ondarroako erreferentziak gordeta dauzkatela.
Hasi zirenean etortzen, herrian kezka bat sortu zen, batez ere euskararen inguruan
Zelan integratu zen jende hori?
Hasi zirenean etortzen, egia da herrian kezka bat sortu zela, batez ere euskararen inguruan. Ez zen izan erreakzio arrazista bat; hizkuntzaren inguruko kezka bat izan zen. Nire hipotesia da gero Ondarroan abertzaletasunak horren indar handia edukitzeko arrazoietako bat horixe izan zela. Jende batek berretsi egin zuen abertzale sentimendu hori. Elkarrizketetan eta agirietan jasota geratu da kezka hori.
Ze agiri buruz ari zara?
Ondarroako parrokiak
Boga-Boga aldizkaria kaleratzen zuen garai hartan, eta artikulu batzuetan kanpotik datozenak eskuzabal hartu behar direla dioen arren, era berean, erakustera ematen du kezka bat bazegoela euskararen inguruan. Eztabaida hori bai egon zen herrian.
Eta denboragaz, kezka horiek uxatu egin dira…
Ondarroan euskararen kaleko erabilera %85ekoa da eta %90ak euskara daki. Beraz, argi dago immigrazioak ez duela euskararen galera ekarri. Horrez gain, galiziar askok eurenganatu egin dute euskara, zer esanik ez, haien seme-alabek. Aldiz, euskara ikasi ez dutenekin exijenteak gara. Itsasoan lan egin eta euskaraz ikastea eskatzen diegu. Lehorrean lan egiten duten euskaldun zaharrei, ostera, ez diegu alfabetatzeko eskatu. Eta esfortzu bera da guztientzat. Beste alde batetik, kuriosoa, Galizian galizierarik jakin ez eta Ondarroan ikasi zuen galiziar bategaz ere egon gara…
Batez ere arrantzara etorri ziren galiziarrak. Ze eragin izan zuten txalupetan?
Interesgarria izango litzateke jakitea txalupetan zelan aldatu zen giroa: hizkuntza berria sartu zen, ohitura berriak. Lehen ondarrutarrak ziren denak, euskaldunak. Eta egun batetik bestera, lau galiziar txalupan. Euskaraz ikasi ez dutenek euskarazko berbak eurenganatu dituzte.;
Txo, esate baterako. Baina politena da ikustea geuk zelan integratu dugun geure hizkuntzan.Galiziarren espresio batzuk, adibidez, geure egin ditugu;
Enbarka peixe, kasu.
Galiziarren seme-alabek ze harreman daukate Galiziagaz?
Batzuek jarraitzen dute Galiziara joaten, hara joatea gustatzen zaielako, eta beste batzuek lotura hori galdu egin dute.
Zure aitona ere Galiziatik etorri zen lanera. Galiziar jatorria duzuenon artean badaukazue loturarik?
Dokumentalerako, Galiziatik etorritako jendeagaz eta haien ondorengoekin batu gara, Nerea Gartzia eta biok, hura ere galiziar jatorrikoa. Beste alde batetik, nire helburua da Galiziaren inguruan eduki ditzakegun topikoei buelta ematea. Hortik Dabide Cabaleirogaz daukadan harremana. Bilbon Galizaleak taldea sortu dute, gaur egungo Galizia erakusteko helburuagaz.
Gaur egun ere ba al datoz?
Oso herri emigratzailea izan da galiziarrena, eta halaxe izaten jarraitzen du. Gaur egun Ondarroara etortzen jarraitzen dute, baina immigrazio tenborala da; lanera badatoz, baina Galiziako txalupetan, eta ez gelditzeko.
Oraingo immigrazioa eta garai batekoa zertan bereizten dira?
Beldur gutxiago daukagu. Geuk ere beste era batera hartu ditugu, naturaltasunez, euskara irakatsiz. Immigrazio fluxu berrietan, ez da galiziarrekin egon zen erreakziorik egon. Gauzak hobeto egin ditugu, hobeto egin ahal ditugulako. Gaur egun senegaldarrak datoz lehen galiziarren beste. Geratzeko asmorik gabe, ordea. Gaur egungo etorkina aldakorragoa da.