Ondarroako Aniztasun batzordeak Harrera protokoloaren aurkezpena egingo du
Azken hilabeteotan herriko eragileen eta herritarren artean landutako Harrera protokoloaren aurkezpena egingo du Ondarroako Udalak, eguaztenean [azaroak 30]. Herritar guztiei zuzendutako aurkezpena 18:00etan izango da, Kofradia Zaharrean.
Aurkezpenean Harrera protokoloaren ondorio nagusiak aurkeztuko dituzte, eta era berean, dokumentuaren beraren oinarriak eztabaidatu eta adosteko tartea ere egongo da. Hala, aurkezpena egiteaz gain, lan saio bateratu eta ireki bat egingo dute herritarrekin batera.
Udal iturriek azpimarratu dutenez, beharrizan bati erantzuteko sortu da protokoloa. 2015eko urria eta 2016ko urtarrila bitartean egin zen Ondarroako aniztasun plana, 2015-2016. Herritarrekin eta eragileekin garatzeko partaidetza prozesua lanketa, eta bertan etorri berrientzako Harrera protokolo bat osatzearen beharrizana zegoela nabarmendu zen. “Prozesu berri honen helburu nagusiak egungo harreraren diagnosia egin, iritsi berrien harrerarako erronka eta beharrizan nagusiak identifikatu, eta harrera protokolo bat sortzea izan dira; beti ere, ondarrutarren eta etorri berrien arteko elkar ezagutza, elkar harremana eta elkarbizitza osasuntsua sustatzeko”.
Ondorio nagusien aurkezpena. Azken hilabeteetan, hain zuzen ere, hausnarketarako galdetegiak eta elkarrizketak egin dira udaleko hainbat sailekin, eragile sozialekin eta Hezkuntza Komunitateko kideekin elkarlanean. “Hiru eremu hauek harrera egin beharko luketen eragileak direla baloratzen da, pertsona etorri berrien integraziorako oinarrizko baliabide eta bitartekoak eskaintzen dituzten subjektu garrantzitsuak direla baloratzen direlako”.