570 herritarrek parte hartu dute Ziortza-Bolibarko X. Mendi Martxan
Aranbaltz kultur elkarteak ekintzaren balorazio positiboa egin du. Ibilbide luzea 290 herritarrek egin zutela jakitera eman dute, eta gainerakoek ibilbide laburra. “Eskerrak eman nahi dizkiegu mendi martxa egiteko antolakuntzan lan egin duten guztiei, bai eta parte hartu dutenei ere”, azaldu dute Aranbaletzeko kideek.
Eguraldia lagun, mendizaleak domeka goizean [azaroak 27] 07:30ean plazan batu eta gosaldu ostean, 08:00etan ekin zioten martxari (martxa luzea egin zutenak). Ibilbide laburra egin zutenak, ostera, 10:00etan plazan batu eta gosaldu ostean, 10:30ean hasi zuten martxa.
Helmugaratu ziren lehenengo herritarrak. Ibilbide luzea egin zutenen artean, Durangoko herritar bat eta Iurretako beste bat izan ziren lehenak helmugaratzen; 10:50 aldera ailegatu ziren plazara. Ibilbide laburra egin zutenen artean, ostera, herritar bat izan zen helmugara ailegatu zen lehenengoa: Manex.
Aranbaltzeko kideek jakitera eman dutenez, bitxikeriarik ere gertatu zen. “Parte hartzaileetako batek iIbilbide luzea egin eta helmugara laugarren ailegatu ostean, ibilbide laburra egin zuen jarraian, familiagaz batera”.
Iradokizunak egiteko aukera. Balorazio positiboa egiteaz batera, Aranbaltzeko kideek ekintzaren inguruan iradokizunak egiteko aukera ere eskaini nahi izan dute. Horretarako, herritarrek ondoko helbide elektronikora bidali ahal dituzte proposamenak: aranbaltz.ke@hotmail.com.