Lekeitioko Udalak Mendieta Ontziola egonkortzeko lanak hasiko ditu
Lekeitioko Udaleko Bulego teknikoak egindako txostenaren arabera, Mendieta ontziola jausteko arriskuan dago eta egonkortasun lanak egin behar zaizkio hainbat arinen monumentua ez galtzeko. “Ontziolaren egoera oso txarra da, edozein unetan erortzeko arriskuan dago”, azpimarratu dute.
Egoera “larri” horri aurre egiteko, Lekeitioko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, egonkortasun lan horiek egiteko zerbitzua kontratatu du, bai eta egurrezko egituretan aditua den arkitekto bat proiektua eta lanak jarraitzeko.
Egonkortasun lanak egun batzuk barru hasiko dituztela jakitera eman du udalak. “Hasierako fase honetan 35.000 euro inguru inbertituko dira. Datorren urteari begira, berriz, 2017ko aurrekontuetan ontziolaren bereskuratze proiektua egitea proposatzen dugu”.
Elkarlana. Udal gobernuaren ustez, guztion erantzukizuna da monumentua “zutik eta baldintza on eta seguruetan” mantentzea. Izan ere, nahiz eta Mendieta gunea oraindik Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeritzaren eskuetan egon (Kostaldeko Zuzendaritza), udalaren asmoa, kontzesioa eskatzea dela azaldu dute: “Monumentu hau berreskuratu eta honi erabilpen publikoa emateko”. Helburu hori lortzeko, baina, ezinbestekoa ikusten du udalak erakunde ezberdinen arteko elkarlana (Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Espainako Gobernua eta Lekeitioko Udala).
Elkarlan hori gauzatzen den bitartean, egonkortzeko lanak egitea erabaki dute, “monumentua ez erortzeko”.