Mutrikuko Elikagai bankuak Gabon aurreko bilketa kanpaina berezia egingo du
Azken urteotan ohikoa den modura, aurten ere Gabon aurretik janari bilketa berezia burutuko dute herri mailan lanean ari diren Elikagaien bankuko kideek. “Gutxien dutenek Gabon duinak eta zoriontzuak igarotzea” helburu hartuta, abenduaren 1ean, 2an eta 3an burutuko da kanpaina Mutrikun.
Hiru egun horietan, hain zuzen ere, herritarrek beren ekarpena egiteko aukera izango dute. Herriko 19 saltokitan utziko diren otarretan jakiak edo produktuak uzteko aukera egongo da, eta nahi dutenek, gainera, saltokietan ipiniko diren itsulapikoetan dirua emateko aukera ere izango dute. Elikagai bankukoek gogorarazi dutenez, diru horrekin janari freskoa erosiko dute, Gabonak hurbildutakoan behar dutenei banatzeko. “Eskerrak eman nahi dizkiegu kanpaina honetan parte hartzen duten mutrikuarrei eta saltokiei, elkarteak ezarritako helburua betetzen laguntzen dutelako”.
Honakoak dira, batez ere, behar diren elikagaiak: esnea, olioa, azukrea, arraultzak, lekaleak, pasta, arroza, kontserbak, gailetak, kakao hautsak, umeentzako janaria, haur jakizko ontzitxoak eta pardelak. Horrez gain, Gabonetako ohikoa den janaria ere onartuko da.
45 familia. Mutrikuko Elikagai bankuak, gaur egun, herriko nahiz kanpotik etorritako 45 familiari ematen dio laguntasuna. Era berean, Elikagai bankuko zerbitzua jasotzeko beharrizana duten familiei Mutrikuko udal gizarte zerbitzuetatik pasatzeko deialdi berezia egin dute. “Elikagai bankuko gauzak guztionak eta guztiontzat dira”.