Lagunarteko jan edanagaz ospatu dute gaur [azaroak 30], San Andres Eguna,
etxebarritarrek. Buztinarekin jolasean jardun dute umeek, goizean, Rosa Mari Etxabe herriko artistaren gidaritzapean, eta arratsaldean, berriz, egurrezko jolasak eduki zituzten jostatzeko.
Umeak ez dira izan Etxebarriko frontoian jokoan ibili diren bakarrak. Herritarren Briska Txapelketak ere gazte eta nagusi asko batu ditu urtero legez. Bi mailatan banatuta egin dute jokoan: 16 urtetik beherakoek eta 16 urtetik gorakoek. Lehia gogorrean ibili dira denak, bai nagusien 12 bikoteak bai eta gazteen mailako 6 bikoteak ere.
Kultura Batzordeak antolatzen duen San Andres jaietako kartelen lehiaketako
sariak ere banatu dituzte arratsaldean. Aurtengo irabazleak Julen Aierdi (0-5 urte), Aitana Aransolo (6-9 urte), Sarai Larrinaga (10-14 urte) eta Ainara Lejardi (Nagusiak) izan dira. Hala ere, sari ugari banatu dituzte parte hartzaileen artean. Lan guztiak ikusgai egon dira kultur aretoaren azpiko aterpean.
Hitzordu nagusia eta urtero herritar gehien batzen dituena arratsaldeko umeen
afari-merienda eta gaueko nagusien
afaria izan dira. Kartelen lehiaketako sariak hartuta aringa-aringa joan dira gaztetxoak mahai luzeetan lekua hartzera. Beranduago afaldu dute nagusiek, frontoian zehar sakabanatuta prestatu dituzten mahaietan.
Oraingoan ere, talo, txorizo, urdaiazpiko, odoloste, gazta eta gaztaina errerik ez dute falta izan frontoian bildutako ume, gazte eta nagusiek. Horiek guztiak asetzeko, arratsalde osoan lanean egon da, urtero modura, lagun talde handia, taloak egin, gazta moztu zein txerrikiak prestatzen. Gaztainak egiteko danbolinak ere bueltaka ibili dira sugarren gainean.
Jendea Lekeitioko Piedadeko ermitaren aurrean.
San Andres auzoan. Lekeitioko San Andres auzokoek ere sainduaren eguna ospatu dute eguerdian. Auzoko ermita atondu eta ospakizun berezia prestatu dute. Meza txistulariak eta kopaua egon dira, eta auzotarren eta herritarren elkargune izan da gaurkoan Piedadearen ermita.