Lekeitioko EH bilduren ustez, EAJ-ren udal gobernuak aurkezten dituen prozesuak "ez dira parte hartzaileak"
Lekeitioko Udalean agintean dagoen EAJren udal gobernuak 2017ko aurrekontuei buruzko informazioa zabaldu eta herritarrei ekarpenak egiteko erabili duen prozesuak “parte hartzetik ezer gutxi” duela adierazi du Lekeitioko EH Bilduk. Aurrekontuen kasuan, esate baterako, Udaletik aldizkarian eginda dagoen aurrekontu proposamenaren nondik norako orokorrak partekatu besterik ez direla egiten esan dute. “Dagoeneko erabakita datorren diru banaketa bat herritarrei erakutsi, ezelako azalpen osagarririk barik, ekarpenak egin ditzaten, eztabaidarik barik”.
EH Bilduk dionez, dagoen egoera ekonomikoan ezer gutxi egin daitekeela esaten du EAJk aldez aurretik, “eztabaida errotik mugatzeko”. Diotenez, herritarrek datorren urtean herrian egin nahi diren proiektuen informaziorik ere ez dute jasotzen. Eta beraz, arlo desberdinetan egin nahi denaren programa ezagutzen ez badu, herritarrak diruen banaketa egokia den ala ez zelan jakin behar duen galdetzen dute. “Arlo batzuetan oraindik udal batzordeetan ere ez da azaldu arlo horri dagokion plangintza. Baina aurrekontu proposamena onartzeko iradokizunak egiteko epeak badu data itxi bat dagoeneko”.
Iazko urtean kritikatu zuten berdina, berriz ere, errepikatzen ari direla dio EH Bilduk. “Iaz, aurrekontuak onartzeko plenoan EAJren gobernuak konpondu beharreko akats moduan onartu zituenak, berriz ikusten ditugu”.
Irisgarriagoa. HAPOren berrikuspenari dagokionez ere, antzekoa gertatzen ari dela adierazi dute. “Eztabaida publikorik bultzatu gabe, erakusketa bat egingo dela diote. Eta HAPOaren testua ikusgarri jarriko dutela. Zalantza handiak sortzen dizkigu horrek ere herritarren irisgarritasunari begira. HAPOaren prozesuan hartzen diren erabaki garrantzitsu eta estrategikoak ikusita, ez al da beharrezkoa herritarrei irisgarria izango zaien prozesu bat diseinatzea”, galdetu dute.
EH Bilduren esanetan, EAJren gobernuak ez du parte hartzean sinisten. “Legez derrigortuta daudenera mugatzen ari dira. Baina ez dira ari benetako parte hartze bat bultzatzeko ahaleginik egiten. Hau ez da parte hartzea. Hau, bulegoetan hartutako erabakien zuritzea besterik ez da”.
“Benetako udal parte hartzaile eta garden baterantz” pausoak ematen jarraitzea garrantzitsua dela uste du EH Bilduk. “Aurreko legealditik datorren eta laster onartu nahi den parte hartzerako udal ordenantzan azaltzen diren erronkak martxan jarriz eta egunerokoan eragiten diguten erabakietan herritarrak benetan inplikatuz”.
LOTUTAKO ALBISTEA: Lekeitioko Udalaren aurrekontuen proposamena