Lekeitioko Udalak 2017ko aurrekontu proposamena aurkeztu du
Datorren urterako 7.801.103,00 euro izango ditu Lekeitioko Udalak, 2016an baino 287.745 euro gutxiago; aurten 8.088.848,00 euroko aurrekontua eduki dute. Joan den barikuko [azaroak 25] Ogasun Batzordean aurkeztu zituen udalak 2017ko aurrekontuak, eta orain herritarrei ezagutzera eman eta euren ekarpen, iritzi eta proposamenak jaso nahi dituztela azaldu dute. “Parte hartzea eta gardentasuna bultzatuz Lekeitio zure erara eraikitzeko”.
Arlo eta sailetan 2016ko aurrekontu bera mantenduko dutela jakitera eman du udalak, eta prezio publiko eta tasetan ere ez dutela igoerarik egingo. Inbertsioei dagokienez, alkatetzarako aurkeztu zen programan oinarritzen jarraituko dutela zehaztu dute, “hartutako konpromisoak betetzen joateko”.
Inbertsioen artean, Santa Katalina paseoaren bigarren fase bat, merkatu plazako behegaina, Eskoletako leihoen bigarren fasea, Isuntza Arraun elkarteko teilatua eta Zita hoteleko terraza konpontzea, San Andres auzoko proiektua, Mendieta ontziolako proiektua, Gazteguneko igogailuaren konponketa, lekeitiarrentzat uda sasoian aparkalekuak ziurtatzeko sistema martxan ipintzea, kirol instalakuntzetan inbertsioak egitea eta HAPO daude besteak beste.
Aurrekontu proposamenaren xehetasun guztiak Udaletik aldizkariaren bidez jakinaraziko die udalak herritarrei. Horrez gain, udalaren web orrialdean ere eskura jarri dute. Horrela, Lekeition erroldatuta duden eta adin nagusikoak diren guztiek ekarpenak egin ahalko dituzte abenduaren 22ra arte udaleko edozein bulegotan, partehartzea@lekeitio.eus helbide elektronikora idatzita edo WhatsApp bidez 656 702 508 telefono zenbakira idatzita.
“Ondoren, ekarpenak egin dituzten herritar guztiei hamar egunen buruan erantzungo zaie. Udal Gobernuak proposamenak baloratu eta abenduaren azken astean Ogasun Batzordea deituko da”, azaldu dute.
Bestalde, urtarrilaren 9an, 19:00etan, Azkue Aretoan, aurrekontuen inguruko azalpenak emango dizkiete herritarrei batzar zabal baten. “Printzipioz, urtarrilaren 12an Udalak Osoko Bilkura deitzeko asmoa dauka bertan aurrekontuak eztabaidatu eta, ala badagokio, hauek onartzeko”, aurreratu dute.
Proposamena. Lekeitioko Udalak egiten duen proposamena hau da: Guztira: 7.801.103,00 euroko aurrekontua izango da.- Pertsonala eta udal antolamendua……………………………… 3.193.617,94 euro
- Beste batzuk…………………………………………………………….1.033.891,86 euro (gastu arrunta, herriaren egunerokotasunekoak)
- Herri lanak, eraikinen mantenimendua eta ingurumena……….. 836.393 euro
- Kredituak edo zorra………………………………………………….….. 553.960 euro
- Inbertsioak/ Hirigintza…………………………………….…….……….. 547.145 euro
- Kultura………………………………….…………………………….……. 452.447 euro
- Kirola………………………………………………………………………..415.031 euro
- Hezkuntza, haurtzaroa eta gaztetxoen aisialdia…………………..310.883,20 euro
- Garapen ekonomikoa………………………………….…….……….. 226.091 euro
- Gizarte Zerbitzuak………………………………………………..………..86.875 euro (Gizarte Zerbitzuetako zerbitzu orokorrak, aholkularitza juridikoa, urgentzi egoerak, oinarrizko gizarte zerbitzuak eta eskuhartze zerbitzuak Lea Artibai Amankomunazgoaren bidez. Beraz mankomunitateko gastua, 83.848,08 euro, honi gehitu behar zaio).
- Euskera………………………………………………………………………74.718 euro
- Parte hartzea eta herritarrekin komunikazioa………………….….. 25.550 euro
- Gazteria………………………….…………………………………..…..…22.500 euro
- Berdintasuna…………………………………………….………………….22.000 euro