8. urte beteko ditu aurten Akerbeltz gaztetxeak, eta gehiegikeririk barik, baina egunari bere ikutua emanez,
ospakizun berezia prestatu dute
zapaturako [abenduak 3], herriko gazteek. Beti bezala, gonbidapen zabala egin dute, nahi duten guztiak parte hartzera animatuz.
Bazkariagaz hasiko dute aurten, Akerbeltz gaztetxearen urteurren jaia. 14:00etan jarri dute ordua
bazkaltzeko, bertan gaztetxean, eta parte hartu nahi duenak txartelak hartzeko aukera dauka oraindik, Patxua eta Buztarri tabernetan. Bazkalostea animatzeko, urteurren honetan euskal kanten
bingora jokatuko dutela aurreratu dute, eta 18:00ak aurretxoan frontoi txikira abiatuko dira denak
Pala Txapelketako finalistak animatzeko.
Akerbeltz gaztetxearen 7. urteurreneko bazkaria. Argazkia: Akerbeltz Gaztetxea
34 bikotek hartu dute parte Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatutako Pala Txapelketan. Urriaren amaieratik ibili dira norgehiagokan Markina-Xemein eta inguruetako herrietako bikoteak. Bi mailatan jokatu da txapelketa aurten ere, eta maila bietako finalak erabakiko dira zapatuan, 18:00etan, frontoi txikian. Finalak ikusi bitartean, gainera, txokolatea egongo da, gorputzak berotu eta gozotzeko.
Partidak amaitu ostean, K-TUM-K
batukadaren erritmoekin dantzatzeko aukera egongo da. Frontoitik bertatik hasi eta poteoa ere girotuko dute danbor doinuekin. Poteoa gaztetxean amaituko dute, bertan egongo da eta, 22:30ean Auskan taldearen
kontzertua. Bien bitartean, afaltzeko aukera egongo da gaztetxean, ogitartekoak egongo direla aukeran zehaztu dute.
EGITARAUA:
- 14:00etan, bazkaria Akerbeltz gaztetxean.
- 18:00etan, Pala Txapelketako finalak frontoi txikian.
- Ostean, poteoa K-TUM-K batukadagaz.
- 22:30ean, Auskan taldearen kontzertua Akerbeltz gaztetxean.