Bihar [abenduak 2] hasiko da Mutrikuko XII. Abendurock jaialdia, eta abenduaren 23ra bitartean,
lau asteburutan banatuta, askotariko kontzertuak eskainiko dira. Horrekin batera, gainera, musikarekin zerikusi estua duten bi dokumental ere proiektatuko dira.
Mutrikuko Rock Kolektiboko kideek antolatu dute jaialdia, eta herriko kultur zale guztiak gonbidatu dituzte antolatu dituzten ekitaldietara. Gogoratu dutenez,
doakoak izango dira guztiak.
Nirvanako abeslari ohiari buruzko
Cobain: Montaje de Heck dokumentalaren proiekzioa kenduta, beste ekitaldi guztiak
Gaztetxean egingo dira. “Aurreko urtean kontzertuak Gaztetxean egiteko apustua egin genuen, eta aurten ere bide horretatik jarraituko dugu”, azaldu dute MRK-ko kideek. Jaialdiaren barruan, bestalde, Lander Andonegi Mutrikuko sortzaileak egindako
Kraussk: errepide zikin honetan dokumentala ere proiektatuko da. Zehatz esanda, Kraussk talde mutrikuarrak 2015an Espainian barrena egindako biran jasotako irudiak proiektatuko dituzte abenduaren 18an.
Mutrikuko Rock Kolektiboko kideak jaialdiko kartela eskuan
Ohi modura, gainera, Mutrikuko Rock Koletiboko talde guztiak batzen dituen
MRK gau berezia ere antolatu dute. Abenduaren 17an, herriko taldeek hainbat bertsio ezagun taularatuko dituzte Huntza taldearekin batera. Sorotan Bele, Zea Mays edo Keike talde euskaldunen bertsioez gain, nazioartean ezagunagoak diren hainbat talderen kantuak ere bertsionatuko dituzte. “Oso gau polita izaten da rock kolektiboko kideontzako. Zazpi talde batuko gara oholtza gainean, eta bakoitzak lau bat kanta joko ditugu”.
Barikuero eskainiko diren kontzertuek, berriz,
askotariko musika estiloek zipriztinduta etorriko dira. Denetarik entzuteko aukera egongo da Gaztetxeko oholtza gainean: pop ikutuko indie soinuak, rock-and-rolla, folk doinuak, metala… Talde nahikoa ezagunak ariko dira aurten Gaztetxean. Bihar, esate baterako, Dekot aurtengo Euskadi Gaztea maketa lehiaketa irabazleen doinuz gozatzeko aukera egongo da.
Hitzaldia ere bai. Proposatu dituzten kontzertuen artean, bestalde, Izaro ikusteko aukera egongo da, bere banda eta guzti. Mallabiarrak kontzertu intimoa eskainiko du Mutrikun, eta eserita egingo den kontzertu bakarra izango da, “abeslariak horrela eskatuta”.
Abendurock jaialdiaren barruan, gainera, Mutrikuko Institituko hitzaldi bat ere egingo da. Antolatzaileek iragarri dutenez, publiko gazteago batera hurbildu aldera egingo dute ekimena. Hain zuzen ere, Galder Arrillaga
Su Ta Gar taldeko bateria jotzaileak hitzaldia emango du, “zehazteko dagoen egun batean”.
EGITARAUA:
- Abenduak 2: 22:30ean, kontzertua, gaztetxean: Dekot
- Abenduak 9: 22:30ean, kontzertuak, gaztetxean: The Grace Of Dyonisus + The Vartools
- Abenduak 11: 19:30ean, dokumental emanaldia Zabiel Kultur etxean: Cobain: Montaje de Heck
- Abenduak 16: 22:30ean, kontzertua, gaztetxean: Izaro
- Abenduak 17: 22:30ean, kontzertuak, gaztetxean: MRK gaua + Huntza
- Abenduak 18: 19:00etan, dokumental emanaldia, gaztetxean: Kraussk: errepide zikin honetan
- Abenduak 23: 22:30ean, kontzertua, gaztetxean: Eraso!