Berriatuko Satorzulo gaztetxea itxi egingo dutela eta, Gazte Asanbladako kideek agur jaia antolatu dute zapaturako [abenduak 10],
Badoiela lelopean.
Eguerdian, gaur egungo gazte asanbladako kideek elkarregaz
bazkalduko dute, eta arratsalderako eta gauerako, berriz, herritarrar guztientzako ekitaldiak prestatu dituzte. Esate baterako, Izarra eta Maren asanbladako kideek girotuko dute arratsaldeko
triki poteoa, eta gaueko kontzertuetan, rap doinuekin dantzatzeko aukera izango dute gaztetxera bertaratzen direnek.
“Gazte Asanbladan hamar kide gaude gaur egun, baina hainbat arrazoi tarteko, gutxi batu izan gara azkenaldian, eta ekitaldiak ere gero eta gutxiago egin ditugu”
«Gure eguna da, eta jai giroan ospatuko dugu. Gazte asanbladako kideok aspaldian ez gara batu, eta horregatik, elkarregaz bazkalduko dugu. Kide bat Txekian dago, eta berak ere egun honetan hutsik egin ezin zuenez, Skypez berba egingo dugu», zehaztu dute. Gainera, azken urteotan eginiko gazte asanbladako kamisetak janztera animatu dituzte herritarrak: «Gazte zein nagusi hurbildu dadila agur jaira. Kamiseta arrosagaz, berdeagaz, moreagaz, gorriagaz edo daukatenagaz, baina gazte asanbladako kamisetekin etor daitezela».
Sei urtez gazteen topaleku. Uztailean ospatu zuten gaztetxearen seigarren urteurrena, eta momentuz ateak ixtea erabaki dute asanbladako kideek: «Gazte Asanbladan hamar kide gaude gaur egun, baina hainbat arrazoi tarteko, gutxi batu izan gara azkenaldian, eta ekitaldiak ere gero eta gutxiago egin ditugu».
Aspaldian zuten
gaztetxea uzteko erabakia buruan, eta belaunaldi berriek jarraipena ematea «lortu» ez dutenez, lokala udalaren esku uztea erabaki dute. «Espero dugu betiko agurra ez izatea. Beharbada, ondo etorriko da ixtea, horrela, belaunaldi berriek gaztetxe baten beharrizana duten edo ez ikusi ahalko dute. Beraz, prozesu berri bat hasteko, esaterako, aukera ona izan daiteke . Gu prest egongo gara behar dutenean laguntzeko».

Berriatuko Satorzulo gaztetxeko kideak, San Gregorio jaietako Gazte Eguneko jolasetan.
2003an sortu zen Berriatuko Gazte Asanblada, eta helburua gaztetxe bat lortzea zen. Amets horri eutsiz, 2010ean lortu zuten gazteak elkartzeko lekua izatea, eta ordutik, herriko gazteek hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera izan dute bertan.
Hain zuzen ere, gaztetxearen «garai onak» gogora ekartzeko ikus-entzunezkoa prestatu dute. Besteak beste, orain arte egindako ekitaldien kartelak eta argazkiak jaso dituzte, eta horregaz batera, asanbladako kide ohien adierazpenekin asanbladaren zein gaztetxearen sorrera eta bilakaera errepasatuko dituzte.