Nere ametsen sorlekuan eta Etengabeko urratsak izenburupean, Nikaraguan bizi den artista ondarrutarraren lanak ikusgai daude Udal Erakusketa Aretoan, hilaren 19ra arte.
Zenbat urteak daramatzazu herritik kanpo?
Urte asko daramatzat Ondarroatik kanpo bizitzen. Baina azken 25 urteetan Nikaraguan (Erdialdeko Amerika) bizi naiz.
Kanpoan egonda ere, zure erakusketak egin izan dira Ondarroan. Zuretzako zer suposatzen du zure jaioterrian zure lanak ikusgai jartzea?
Zirraragarria da. Nahiz eta beste herri batzuetan erakusketak egin, Ondarroan erakusketa egitea azterketa bat egitea bezalakoa da; norbere herrikoek egiak esaten dituzte. Horrez gain, Ondarroatik nator eta sentitzen dut ondarrutarrei zor dielada nire lanak erakustea. Oraingo erakusketa hau laugarrena da. Dena dela, hamar urte badira azken aldiz ni Ondarroan egon nintzela; ni hemen egonda erakusketa egiteko gogoa neukan.
Udal Erakusketa Aretoan bi erakusketa daudela ikusten da. Zertan ezberdintzen dira?
Bi erakusketa dira baten bilduta. Eta ahalegindu naiz aretoa bera ere bi zatitan banatzen. Izenak ere ezberdinak dira. Alde batetik Nere ametsen sorlekuan izena daukan erakusketa dago. Horretan koadroak (erretratuak eta paisaiak) daude ikusgai. Hasiera baten pentsatu nuen bakarrik Ondarroako koadroak sartzea. Baina nire ametsen sorlekua Ondarroa bada ere, bizitza erdia Nikaraguan daramat, eta hura ere ezin zela falta pentsatu nuen.
Eta bestean (Etengabeko urratsak)?
Duela 30 urtetik jorratzen dudan teknika erabiliz egindako lanak daude ikusgai bestean. Paperari texturak, koloreak ematen dizkiot, eskuz. Paperarekin lan egiteko teknika horrekin maitemindu egin nintzen, eta inoiz ez dut utzi. Oso moldagarria da eta adierazteko aukera asko ematen dizkit teknika horrek.
Figura abstraktuak eta konkretuak uztartzen dituzu teknika horrekin.
Hori da. Paperarekin egindako artelanetan figura ezagun batzuk atzeman ahal dira. Nire irudimena aske utzi eta artelanak sortzen ditut.
Zer nolako lanak egiten dituzu paperarekin?
Paperagaz hasi nintzenean, hasieran liburuak egiten nituen, forma askotakoak. Salmentei begira, baina, teknika hori findu egin behar izan dut. Dena dela, niri asko gustatzen zaizkit eskultura itxurako lanak. Ikusteko, edukitzeko… politak dira. Gainera, nik egindako testuak ere txertatzen ditut lan horietan. Orokorrean, liburu itxurako lan horiek mundu bat dira.
Herritarrak, Garalderen lanen erakusketa ikusten.
Lanak Ondarroara ekartzerakoan, aukeraketa zelan egin duzu?
Garraioari dagokionez, hegazkinean ezin dira dimentsio handiko lanak ekarri. Beraz, ahalegindu naiz ahalik eta zapalenak aukeratzen. Ekarri ditudan eskulturak ere nahikoa malguak dira. Lanei dagokienez, azken bost urteetan egin ditudanak ekarri nahi izan ditut. Izan ere, erakusketagaz, gaur egunean zertan ari naizen erakutsi nahi izan dut.
Eta zein da azken urteetan daramazun lan lerroa?
Paperak eskaintzen dizkidan texturak, aukerak aztertzen nabil.
Koadroei dagokienez, zeintzuk ekarri dituzu?
Azken erakusketa 2006an egin nuenez, gutxi gorabehera azken sei urteetan egindakoak ekarri ditut.
Koadroak egiterakoan, argazkietan edo zure oroitzapenetan oinarritu zara?
Bitxia da. Beste leku baten egonda ere, nire burua margotzen ari naizen paisaian imajinatzen dut. Adibidez: Ondarroako Kantoipe inguruko koadroa egiten nengoela, naiz eta Nikaraguan egon, nire burua Ondarroan imajinatzen nuen.
Erakusketa baten bati eskainita dago?
Bai, nire aita Errapel Garalderi. Duela urte bat joan zitzaigun eta pentsatu nuen berari eskaintzeko zer edo zer egin behar nuela, eta orduan hasi nintzen hau guztia prestatzen; aitari eskaini nahi diot lan hau guztia.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.