Gabon Koplak edo Abenduko kantak bezala ere ezagutzen diren Marijesiak kantatuko dituzte
zapatuan [abenduak 10], bederatzi taldek, Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzearen Basilikan. Gabonen atarian edo abenduan, errondan kantuan ibiltzeko ohitura zaharra, Busturialdeko, Lea-Artibaiko eta Durangaldeko hainbat herritan mantendu da, bakoitza bere ezberdintasun eta ezaugarriekin, eta era horiek guztiak ekitaldi berean ikusteko aukera eskainiko du zapatuko emanaldiak.
Ea, Ariatza (Muxika), Gautegiz Arteaga, Oromiño, Ibarrangelu, Mendiola, Iurreta, Lekeitio eta Gernika-Lumoko taldeek hartuko dute parte, aurten Lekeitioko Gora Buru Kultur Elkarteak antolatu duen ekitaldian. Antzinatik datorren tradizioari eutsi eta taldeen arteko hartu-emona hobetzeko asmoz, orain dela zazpi urte hasi zirela topaketak egiten jakitera eman du Gora Buru Kultur Elkarteko Jabier Txakartegik. “Ean egin genuen lehenengoa 2009ko abenduaren bigarren zapatuan, eta aurten Lekeition antolatzea egokitu zaigu”, azaldu du.

Marijesien Topaketak Muxikako Ariatzan. Argazkia: Marian Olano
Taldeak banan-banan kantatuko dituzte Marijesiak, “
herri bakoitzak bere erara“. Txakartegik argitu duenez, herri bakoitzean ezberdin kantatzen dira Marijesiak, eta koplak ere ezberdinak dira. “Esate baterako Lekeition abenduaren 23an abesten ditugu 20:00etatik 22:00etara, eta beste herri batzuetan, Gernika-Lumon adibidez, Gabon gauaren aurreko bederatzi gauetan kantatzen dituzte”. Iurretakoak, bestalde, makilekin lagunduta joaten direla zehaztu du.
Bederatzi herrietako ondare aberats hori guztia jasoko du,
19:00etan hasiko den emanaldiak, eta amaitzeko,
Hator, hator abestuko dute denek batera.