Nafarroako irekian parte hartuko du Ager Solabarrieta tiratzaile olinpikoak
Ager Solabarrieta tiratzaile olinpiko ondarrutarrak Nafarroako irekia jokatuko du domekan [abenduak 11], Berriozarko tiro eremuan.
Solabarrietak jakitera eman duenez, printzipioz, euskarri gabeko 60 tiro zutikako proban ariko da. “Momentuz, ez dakigu txapelketa etzanda ere jokatuko den edo ez. Antolatzaileak bi diziplinetan egiteko ahaleginak egiten ari dira, baina zail ikusten dutela esan digute. Azken orduan baieztatuko digute bi diziplinatan parte hartzea posible den edo ez”.
Ondarrutarrak behin bakarrik lortu du Nafarroako txapela. Duela bi urte irabazi zuen txapelketa, eta aurten emaitza ona lortzeko asmoagaz doa. Nafarroako titulua lortuz gero, aurtengo urtea borobilduko lukeela nabarmendu du. “Koaxe ona daukat. Entrenamendu saioetan oso ondo nabil, eta goiko postuetan ibiltzea espero dut”. Iaz izandako bolada eskasaren ostean, bere asmoa 574 puntu gainditzea edo berdintzea izango da. “Ea 575 bat puntu lortzen ditudan”.