Gaur [abenduak 8] bederatzi hilabete bete dira Kamiñaldeko mendi magala goitik behera amiltzen hasi zela, eta horren harira, agerraldia egin dute Kamiñaldeko lur jausiak kaltetutakoek.
Gorriz jantzita eta gestorako zapi gorriak lepoan ipinita, dozenaka kaltetuk bizi duten egoera zein den gogorarazi nahi izan dute Kamiñaldeko lur lausitik gertu egindako mobilizazioan.
Ordu laurden inguruko elkarretaratze isila egin dute Kamiñaldeko mendiari begira. Txalo artean amaitu dute protesta, eta bukaeran kezkatuta daudela azaldu dute auzotarrek eta herritarrek.
San Inazioko auzotarrek Kamiñalden egindako elkarretaratzea
Saiñazio mendi azpixan gestorako kideek azaldu dutenez, kezka nagusia “berririk eza” dela nabarmendu dute. “Lanak zirela eta, etxetik kanpo urtebete inguru egin beharko genituela nahikoa argi geratu zitzaigun hasieratik, baina gure kezka nagusia ez dira mendi magalean egiten ari diren lanak. Gure kezka nagusia lan horiek zeinek ordainduko dituen da”, azaldu du Goizane Zabala gestorako bozeramaileak.
Zabalak gaineratu duenez, eurei ez die axola lanak zeinek ordainko dituen, baina arazoak lanak ordaintzen ez badira edo gelditzen badira izango direla azpimarratu du. “Gure etxeen konponketak zeinek ordainduko duen ez dakigu. Hori ez dago inongo aurrekontuetan kontuan jasota. Martxoa inguruan etxeetan sartu ahalko garela ari dira esaten, eta bai, batzuk euren etxebizitzean sartu ahalko dira, etxebizitzak ondo dituztenak, baina etxebizitzak txarto ditugunok ez dakigu noiz sartuko garen, eta ez dakigu nork ordainduko dituen horiek konponketak”.
Euren etxebizitzetara ahalik eta lehen bueltatu ahal izateko, konpromiso eskabidea egin dute auzotarrek. Jaurlaritzari eta aldundiari, mesedez, dirua ipintzeko eskatu diote. “Ondarroako Udalak 10 milioiko aurrekontutik 3,5 milioi euro bideratu ditu lanetara, ez dakigu zer zorpetze mailagaz. Gaur alkatea irratian entzun dugu, eta esan duenaren arabera, udalak 2 milioi euroko mailegua eskatu du, hamabost urterako. Baina herria ezin da gelditu. Ondarroak aurrera jarraitzea nahi baldin badute, dirua eman beharko dute”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.