Aiko dantza taldean irakasten ari dira
Ainhoa Odiaga Arizmendiarrieta eta
Irune Arrizubieta Agirreamalloa markina-xemeindarrak. Dantzariak baino dantzazaleak direla diote, eta zaletasun hori kutsatu nahi diete euren ikasleei ere. Aikok duen dantzaren ikuspegia aurkikuntza bat izan da eurentzat.
Noiz eta nola hasi zineten Aiko taldean?
Irune Arrizubieta: Zerutxu dantza taldean genbiltzan oraindik, baina zer edo zer ezberdina nahi genuen. Ikuskizunak ematea baino zer edo zer gehiago, dantzariak bai, baina dantzazaleak izan gara-eta gehiago. Ikastaroen bila ibiltzen nintzen, eta halako batean Aiko taldea agertu zitzaidan, eta dantzatzeko beste era bat zegoela ikusi nuen. Sabin Bikandik Dantzari Ibiltaria eskolak ematen zituen Durangon, eta hara joaten hasi nintzen. Dantza oinarritik ulertzen hasi nintzen. Erritmoak, hainbat musikagaz… Aurkikuntza bat izan zen.
Ainhoa Odiaga: Irunek ze aurkikuntza egin zuen esan zidan, baina garai horretan Unibertsitatean ikasten nengoen, Donostian, eta ezin nintzen Durangora joan. Ikasketak amaitu nituenean hasi nintzen joaten. Ni hasi nintzenean Irunek bi urte zeraman ikastaroan, eta oinarrizkoa barik Dantzagunea, hurrengo pausoa egin ahalko nuela esan zidan.
Zuek ere ematen zenituen dantza eskolak, ezta?
A.O.: Momentu hartan dantza ikastaroa ematen genuen Uhagonen. Irunek lehenengo beste bi dantzarigaz ematen zituen eskolak, eta gero, nigaz. Aiko aurretik, zazpi urtez egon ginen Uhagonen eskolak ematen. Gero, Aikon ikasten genuena aplikatzen ahalegindu ginen, bai Zerutxun bai eta Uhagoneko ikastaroetan ere. Mundua zabaltzen hasi zitzaigun. Dantza eta musikaren arteko lotura ulertu, eta lasai dantzan egiten ikasi genuen, eta ez arau zehatz batzuekin.
Ainhoa Odiaga eta Irune Arrizubieta.
I.A.: Dantza inprobisatzen ikasten hasi ginen, ez koreografia bat ikasi buruz eta errepikatzen. Oinarrizko tresnak ikasi genituen, gero inprobisatzeko erabili ahal ditugunak. Deskubritzen zoaz era berean, dantza ez dela umeena edo gaztetxoena. Adin batetik gora ere badagoela aukera. Dantza herritarrena da, ez da abilak diren artista batzuena edo dantzariena. Herrikoa da, edozeinek egin ahal duena da.
A.O.: Aikogaz ikasi dugu bai eta ere, erraz eta modu didaktiko eta dibertigarrian edonork ikas dezakeela dantzan. Konturatu barik barneratzen da modu erraz baten.
Filosofia guztiz ezberdina…
I.A.: Sabin Bikandik diona da guk erakusten dugun metodologia hau demokratikoa dela. Denek ikasi ahal dutela, ez dela pertsona zehatz batzuentzat edo trebeak direnentzat, denentzako da. Denei moldatzen den metodologia bat da, era erraz batean ikastekoa eta dibertigarria.
Esan daiteke dantza tradizionalak suspertze bat bizi duela?
I.A.: Hamar urte darama Aikok, eta esan daiteke jendea gehitzen joan dela. Esate baterako, gurekin ikastaroetan hasi zirenak eta zero zekitenak jadanik plazan dantzan egiten dute.
A.O.: Horrek poz handia ematen du. Egia esan, gazteak baino gehiago nagusiak daude gure ikastaroetan. Askotan gazteenak gu izaten gara.
I.A.: Horiek bizi izan dituzte erromeriak plazetan, eta oroitu egiten dira. Dantzaren ardura dantza taldeek hartu dute. Talde bateko dantzariek plazara irtetzen badute begira asko egongo dira, baina ez dira dantzara animatuko, euren modura ezin dutela dantzan egin ikusten dutelako. Dantzak herrikoi izatearen zentzua galdu du orokorrean. Akademizatu egin da.
A.O.: Orain gure ikasle direnak plazako erromeriak ezagutu dituzte, berbena giro hori. Galtzen joan den hori berreskuratzea ez da erraza, baina badaukate gogoa dantzarako.
Aikon ikasle egotetik irakasteko pausoa zelan eman duzue?
I.A.: Durangoko Dantzari Ibiltariaz gain, Aikok ematen zituen ikastaro askotara animatzen ginen. Berdin zen non, Aikoren atzetik joaten ginen. Ikastaro batean geundela, Sabin Bikandi etorri zitzaigun, eta ea eskolak emango genituen esan zigun.
A.O.: Aikoko lan poltsan sartuta geundela esan zigun. Geneukan interesa ikusita, Aiko prest zegoela esan zigun azpiegituretan laguntzeko, eta guk eskolak eman ahal genituela.
Non ematen dituzue eskolak momentu honetan?
A.O.: Irunek Berastegin eta nik Durangon eta Markina-Xemeinen, baina urtarrilean Gizaburuagan hasiko naiz, Lea Ibarreko herritarrei ere aukera eskaintzeko. Gizaburuagako udaletxeko goiko aretoan emango ditut eskolak, 19:00etan. Urtarrilaren 12an hasiko gara.
I.A.: Patxi Labordak ezin duenean, mikrofonoagaz plazak eramaten ere hasi naiz. Markina-xemeingo azoka egunean egin genuen aurkezpena. Plazak era-
matea erronka bat izan da.
A.O.: Orain, Aikon, plazak eramaten dituzten dantza maisu bi ditugu, Patxi Laborda eta Josu Garate, eta dantza maistra bat: Irune Arrizubieta.
Zuek ere ikasten jarraitzen duzue?
A. O.: Guk formazio jarraitua eduki dugu. Ezin da atzera begira egon, aurrera jarraitu behar da, eta beti gabiltza ikasten. Guk ulertu duguna, batez ere musikaren aldetik, ikasleei helarazten saiatu gara. Hala eta guztiz ere, gauza asko ditugu oraindik ikasteko. Formazioa denok behar dugula uste dut, eta dantza taldeetakoei ere deia luzatuko nieke. Batzuek uste dute eredu biak antagonikoak direla, ez daukatela zerikusirik, baina guk osagarriak direla uste dugu, gehigarri bat dela, erritmoa eta musika ikasita koreografiak errazago ikasten dira eta.
Ikastaroetakoa erromerietara eramaten duzue gero.
I.A.: Aiko sortu zutenak esaten dutenez, musika sortu, diskoak-eta argitaratu eta erromerietan jotzen hasi zirenean konturatu ziren formazioa falta zela, eta hortik hasi ziren ikastaroekin. Orain, adibidez, ikusten da horrek asko lagundu duela jendea dantzara animatzeko.
I.A.: Garai batean plazan dantzan egiteko inork ez zuen formaziorik jasotzen, plaza bera zen formatzeko bidea, ikusiz ikasten zen. Plazakoa desagertzerakoan hutsunea nabaritu da.
A.O.: Hori dela eta, erromeria asko egiten ditugu. Bizkaitik gehiago deitzen dute, Aiko ezagunagoa delako, baina beste probintzietatik ere deitzen doaz. Pixkanaka formazioa ere zabaltzen joan garen heinean, erromeriak ere gehitzen joan dira Gipuzkoan eta Araban ere.
Zeintzuk dantza ikas daitezke Aikogaz?
A.O.: Lotuan egiteko dantzak: pasodobleak, tangoak, baltsak, chotisak, foxak, bazurkak, habanerak, boleroak… Jotak eta jauziak ere ikasten dira.
I.A.: Jauziak iparraldetik sartu diren dantzak dira. Horiek ez dituzte gure gurasoek hemen egin. Orain, baina, modan jarri dira. Horiek egiten ez diren erromeriarik ez dago momentu honetan.
Dantzan egitea garrantzitsua da zuen ustez?
A.O.: Bai, egunero egin behar da dantzan. Bizipoza ematen du.
I.A.: Eskoletara datozen askok ez zuten uste horrenbeste beteko zituenik. Laguntaldeak ere sortu dira. Herri ezberdinetako jendeak elkar ezagutu du.
A.O.: Lasaitzeko ere balio du. Burua lasaitzen du, kontzentratuta egon behar zara eta. Barreterapia eta izerdia botatzeko lekua dela ere esaten dute ikasleek.
Hurrengo ekitaldiak non dituzue?
A.O.: Abenduaren 17an Errenterin Bantzaldia daukagu. Sabin Bikandik egindako 22 pieza egokitu egin dira herriko bandekin jotzeko, eta bandekin batera erromeriak eskaintzen hasi gara.
I.A.: Bilboko Udal bandagaz izan zen estreinaldia Azkuna zentroan, eta bete-bete egin zen dena. Hasieran jendea jartzeko asmoz zegoen, baina dantzan egitera animatu ziren. Bestalde, abenduaren 30ean erromeria egongo da Derion, eta bihar Durangon ospatuko den Dantzari Egunean egongo gara.