Arraunaren alde guztiak ezagutu ditu Edriga Aranburu Agirrek (Lekeitio, 1989) azken urteetan. 2001.urtean ekin zion arraunari, Isuntzako entrenatzaile zen Josu Aboitizek animatuta, eta urte batzuk arraunlari moduan eginda, 2009an arrauna utzi eta Isuntza Arraun Elkarteko Zuzendaritzako kide bihurtu zen. Orain dela bost urte, berriz, Bizkaiko Arraun Federakuntzako zuzendaritzan sartu zen, orain arte presidente izan den Borja Rodrigoren eskutik, eta ordutik idazkaritza lanetan ibili da federakuntzan. Hurrengo lau urteetan, Bizkaiko Arraun Federakuntzaren lema gidatuko du.
Zer dela eta eman duzu lehendakaritzarako aurrerapausoa?
Borja Rodrigok bere etapa amaitutzat ematen zuela esan zigun, eta hauteskundeetan norbait aurkeztuko balitz berari pasatuko ziola agintea. Hauteskunde prozesua zabaldu eta epea amaitzen zegoela, inor ez zela aurkezten ikusita, sei urtetako lan bikaina ezin genuela zuzendaritzarik gabe utzi erabaki genuen aurreko zuzendaritzako kideok, eta beraz, momentu honetan postua hartzeko egokiena ni nintzela erabaki eta pausoa eman nuen. Beti ere, zuzendaritza batzordeko aurreko kide guztien laguntza eta babesa izanik. Zuzendaritza indartsua dugu, jarraipenezko zuzendaritza, baina ilusio berriagaz.
Nortzuk osatu duzue zuzendaritza batzordea?
Aurreko zuzendaritza lau arraun elkarteko kidek ( Isuntza, Deusto, Santurtzi eta Ondarroa) eta epaileen elkargoko presidenteak osatzen genuen. Oraingora, aurreko elkarteez gain, beste bi gehitu zaizkigu: Lutxana eta Portugalete. Epaileek ere hauteskundeak egin behar dituzte, beraz, zabalik geratzen da beraien ordezkari batek ere zuzendaritzarako pausoa ematea.
Edriga Aranburu Agirre Bizkaiko Arraun Federakuntzako presidentea.
Zein izaten da arraun federazio baten lana?
Gu Euskal Arraun Federakuntzaren menpe gaude, beraz, batetik, goitik datorrena kudeatu eta bi federazioen arteko harreman iraunkorra mantendu behar dugu. Bestetik, Bizkaian arraunarekin lotutako erakunde ofizial bakarra gara, nahiz eta liga pribatuak ere egon. Horrela, arraunarekin zerikusia duen guztia gure eskuetatik pasatzen da: arraunlarien fitxak egitea, lehiaketa ezberdinak antolatzea, eskola kirola bultzatzea, erakundeekin harremana egitea eta arraun elkarte guztien egunerokotasunean eragitea. Beraz, lana badago, eta asko.
Bizkaiko arrauna ze egoeratan dago momentu honetan?
Federakuntza egoera onean hartzen dudala uste dut. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiot Borja Rodrigori egindako lan guztiagatik. Bizkaiko arraunak bultzada handia izan du azken urteetan: epaileekin harremana normalizatuta eta eguneratuta dago, egutegi zabala lortu dugu, negua eta uda uztartu eta kategoria guztiak hartzen dituena, balizak ere araututa daude, eta arraun elkarteekin zein erakunde publikoekin daukagun harremana ona da.
Zeintzuk dira zuen erronkak agintaldi berrian?
Gure zuzendaritza jarraipenezkoa den heinean, aurretik jarritako erronka eta lortutako aldaketei eustea izango da gure jarduna. Ehunka neska-mutil hurbiltzen dira arraunera eta horiek etorkizuna diren heinean, traineruaz beheko kategoriak ere bultzatu eta horretan jarriko dugu gure indarra. Aurreko urteetan lortu dugun egutegia mantendu eta ahal den neurrian zabaltzen ere saiatuko gara. Aldundiarekin daukagun harremana egokia da, eta, harekin sinatutako hitzarmen ezberdinen bidez, eskola kirola bultzatzen jarraitu behar dugu. Emakumeen presentzia areagotu behar dugu arraun estamendu guztietan, zuzendaritzan emakume bakarra dago-eta esate baterako, eta euskara ere sartu behar dugu gure egunerokoan. Federakuntzak liga pribatuekin ere harremana mantendu behar du eta arraun modalitate biak (finkoa eta ez finkoa) bultzatu behar ditu. Zuzendaritza batzordeko kide guztiak arraun elkarte ezberdinen zerbitzura egotea nahi dut, beraien interesak Bizkaiko arraunarenak ere badirelako.
Arraunlarien aldetik zelan ikusten duzu egoera, harrobirik badago?
Harrobia badago, eta urtetik urtera handitzen doa. Hala ere, berau bideratzen jakin eta lagundu behar dugu. Adibidez, neguan, Sestaon ehundik gora batel batzen dira asteburu oro. Horrek esan nahi du harrobia badagoela, eta hori pozgarria da. Arrauna osasuntsu dagoela esan ahal da.
Egitasmorik badaukazue emakume gehiago arraunera hurreratu eta bertan mantentzeko?
Emakumeen presentzia areagotu behar dela errealitate bat da. Federakuntzaren aldetik dagoen guztia egingo dugu egoera normalizatu eta emakumeen parte hartzea handitzeko. Aurten emakume pilo bat hasi dira arraunean, eta horrek isla izango du hainbat lehiaketatan.
Federakuntzaren eta kluben arteko hartu emana zelakoa da egun?
Nik uste dut ona dela, beti ezin da arraun elkarte baten interesak Bizkaiko arrunarekin uztartu, baina, normalean, interesak berdinak diren heinean, eskutik goaz.