Uda Films taldeak irabazi du aurten ere Kameratoia ikus-entzunezkoen rallya
Aurtengo gaia Oihaneko legea izan da, eta jakitera eman dutenez, hasiera baten 23 taldek izena eman bazuten ere, azkenean hamazortzi taldek aurkeztu zituzten beraien lanak; lan horiek 48 ordutan egin behar zituzten. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, “lan guztiak oso ezberdinak ziren”.
Parte hartzaileak, guztira, 72 pertsona izan ziren: 31 gipuzkoar, 30 bizkaitar, 7 arabar eta bi nafar. Aurten, gainera, Castrourdialesetik eta Granadatik ere parte hartzaile bana egon dira.Lan guztiak ikusi ostean, Kepa Errasti eta Maria Cruickshank epaileek hamar minutuko tartea eduki zuten sariduna aukeratzeko. Eta azkenean saria “barrura iristen” zen mezua zuen lanari eman ziotela azaldu zuten (Uda films taldearena). Halaber, lan horren “irudi zaindua eta lengoaia poetikoa” ere azpimarratu zuten Errastik eta Cruickshank-ek.
- Lehenengo saria: Lege zahar – Uda films
- Bigarren saria: Barneko indarra – Troppena taldea
- Hirugarren saria: Libre (animazioa)- Azken ilaran taldea
- Publikoaren saria: Euskarak 365 egun – Anana films taldea
Lan guztiak. Kameratoiko lan guztiak datozen egunetan egongo direla ikusgai esan dute Topaguneko arduradunek, honako helbidean: https://www.youtube.com/topagunea