Arantza Zuluetaren urtebetetzea izan dela eta, preso dagoen herritarrari elkartasuna adierazi eta isolamendutik ateratzea eskatzeko ekimenak egin dituzte Lekeition, abokatuaren lagunek antolatuta.
Aurreko egunotan ere hainbat ekitaldi egin dituzte, baina gaur [abenduak 10] –Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean– egin dituzte ekimen gehienak. Elkartasun ekimen horien bidez, Zuluetari indarra emateaz gain, “jasanezina den” egoera jendarteratu nahi izan dute, guztien artean Zulueta isolamendutik ateratzeko.
Eguerdian, esate baterako, txandakako elkarretaratzea egin dute Eskolapean. Hain zuzen ere, Isolamendurik ez! Arantza askatu! leloa zeraman pankartaren atzean ordu erdiro txandakatzen joan dira herritarrak.
Arantza Zuluetaren egoera salatzeko elkarretaratzea, Lekeition
Era berean, Eskolapetik igaro diren herritarrek Zuluetari espetxera bidaltzeko postalak idazteko aukera izan dute. Hainbat postalen artean aukeratzeko aukera egon da, eta nahi izan duenak animo hitzak bidaltzeko aukera izan du. Horrez gain, iluntzeko poteoan soinean eramateko kamisetak serigrafiatzen eta petoak espraiagaz apaintzen ibili diren limoneroaren parean.
Abokatua jasaten ari diren egoera, behin eta berriz salatu dute haren lagunek. Jakitera eman dutenez, Zulueta bakartze egoeran dago espetxean daramatzan ia hiru urteetan, eta, oraindik ere, epaitu barik espetxean jarraitzen duela gogorarazi dute. “Epaiketaren zain libre zegoen salaketengatik daukate preso. Estatuaren esku dagoen bahitu politiko bat da Arantza izatez”.
Adierazi dutenez, 2014ko urtarrilaz geroztik, “muturreko isolamendu egoera arbitrarioan” daukate Zulueta. “Funtzionarioak ezik inor ikusi gabe, eta bere umiliazioa, ahultzea eta bere inguruarekiko harremanen galera bilatzen duten baldintzetan. Hogei ordu egoten da egunero ziegan, gainontzeko presoengandik isolatuta, guztiz txikia den patio batera ateratzen dutelarik”.
Herritarrak Zuluetari zuzendutako gutunak idazten
Nabarmendu dutenez, kanpokoekin duen harreman bakarra, 40 minutuko asteroko bisita da. “Bisita hauek grabatu eta kontrolatu egiten dituzte bere gutunak, mugatuak eta asteak beranduago hartzen dituenak”.
Manifestazio deialdia. Zulueta berehala aske utzi behar dutela eskatu dute. “Ez dago aitzakiarik. Kartzelan segi dezan arrazoi bakarra Estatuaren mendeku politikoa da”.
Amaitzeko, urtarrilaren 7an Zuluetaren askatasuna eskatzeko Bilbon egingo den manisfestazioara joateko dei egin dute. “Ahaztu barik, urtarrilaren 14an, beste hitzordu bat izango dugu presoen eskubideen alde, Bilbon bertan”.
Zuluetaren aldeko ekimenek, bestalde, arrantsaldean ere jarraituko dute. 18:00etatik 20.00etara elkarretaratzea egingo da Eskolapean, eta 20:00etatik aurrera, txikiteo aldarrikatzailea egingo dute.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.