Gaur [abenduak 11] eguerdian, Lekeitioko Independentzia plazan egindako agerraldi jendetsuan herri galdeketaren data iragarri du Gure Esku Dago Lea Artibai herri ekimenak. 2017ko maiatzaren 7an Lea-Artibain be erabagiko dogu lelopean egindako ekitaldian, 2017ko maiatzaren 7an erabakiko dutela iragarri dute. “Ispasterrek ekainaren 11n eman zigun lekukoa hartu, eta guri dagokigu orain gure herrietan milaka herritarrek hitza hartu eta erabaki dezaten bidea erraztu eta antolatzea”.
Herri galdeketarako bidean eman beharreko lehen urratsa eman dute, eta horretan, 16 urtetik gorako 20.454 herritarrei hitza emango diete, eta herritarren gehiengoaren parte hartzea bermatzea izango da herri dinamikaren erronka nagusia. “Ez gara lehenengoak, gure aurretik beste herri batzuk egina dute galdeketa. Bidea ez da erraza, eta aurrerago esan bezala, lan handia dugu egiteko: sinadurak bildu, herritarrak sentsibilizatu, ekitaldiak antolatu, dirua lortu, galdera adostu, parte hartzea bermatu, begiraleak ekarri. Erronka handia da, baina ilusioa ere tamaina horretakoa da”.
Mari Eli Ituarte eta Josu Etxaburu, Gure Esku Dago Lea Artibai herri dinamikako ordezkariak, gaur, Lekeition egindako agerraldian
Guztira, bederatzi herri dira galdeketen olatura eskualdean batu diren herriak; Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar, hain zuzen ere.”Ez dago atzera bueltarik, dagoeneko olatu gainean gaude eta Lea-Artibaiko herri guztietara erabakitzeko eskubidearen ilusioa eta gogoa piztera gatoz”.
Hiru fasetan banatuta. Maiatzera bitarteko prozesua, bestalde, hiru fasetan banatuta zehaztu du Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-k: ehundu (herritarren borondatea eta babesa bildu), adostu (herriz herri galdera adosteko prozesuak abian jarri) eta erabaki (herri galdeketaren bidez herritarrei emango diete hitza).
Herri galdeketaren aurkezpen ekitaldia, Lekeition
Lehen faseari dagokionez, eta galdeketari zilegitasuna emateko, Lea-Artibain, gutxienez, 2.125 sinadura lortu beharko dira. Sinadurak batu ostean, berriz, herriz herri galderak adosteari ekingo diote. Azkenik, herri galdeketa gauzatuko da.
Mutrikuarrek ere galdeketa egun berean egiteko asmoa dutela baieztatu dute. Hala, Debabarrena eskualdeko herriek Lea-Artibaikoekin batera egingo dute herri galdeketa.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.