Urtero modura, Gabonen atarian, bazkideen omenezko kontzertu berezia eskainiko du Markina-Xemeingo
Xemein Abesbatzak.
Xemein Gazte Ahots Abesbatzak eta
Mikel Ansola eta
Ianire Krutxaga musikariek ere hartuko dute parte
zapatuko [abenduak 17] emanaldian.
Kontzertua emateko hasieran aurreikusita zeukaten ordua ordu bete atzeratu dutela jakitera eman du Xemein Abesbatzak. Izan ere, egun berean Xisterako finalak jokatuko dira Markina-Xemeingo frontoi nagusian, eta ekitaldi biek bat egiten zuten. Gainera, Miguel Angel Bilbao markina-xemeindarra omenduko dute, zesta-puntaren alde egiten duen lanagatik, eta garai baten Miguel Angel Bilbao abesbatzako kide izan zenez, ekitaldi horretan ere egon nahi zutela azaldu du Jose Antonio Martinez Xemein Abesbatzako lehendakariak. Horrela, Xemeingo elizan eskainiko duten kontzertua,
19:30ean hasiko da.
Xemein Abesbatza kantuan, Santa Zezilia egunean, Markina-Xemeingo kontzekupean. Argazkia: Xemein Abesbatza
Egitaraua. Xemein Gazte Ahots Abesbatzakoek sei bat kanta abestuko dituztela aurreratu du, eta ondoren, Mikel Ansola organu eta piano jotzaile markina-xemeindarrak Bach-en obrako organoko pieza bat joko du. Jarraian, Xemein Abesbatza aterako da oholtzara hamalau kanta eskaintzeko. “Euretako bat Ianire Krutxaga biolinistaren doinuekin lagunduta egongo da”, zehaztu du Martinezek.
Horregaz guztiagaz gainera, kontzertua girotzeko pantaila erraldoia eta ezustekoren bat ere egongo dela aitatu du abesbatzako lehendakariak. “Ordu eta laurdeneko ekitaldia izango da, eta herri guztia dago gonbidatuta”.