Kultur etxeko Azkue aretoa bete beteta egon zen Lekeitioko Hezkuntzaren historia kontatzen duen
Escolatik Eskolara liburuaren aurkezpenean. Gaur eguneko guraso, ikasle eta irakasleak, bai eta ohiak ere, zenbait herritar, eta udal eta ikastetxeetako ordezkariak batu zituen ekitaldiak.
Hasteko, liburua aurkeztu zuten
Xabier Iturbe eta
Aitor Iturbe liburuaren idazleek eta koordinatzaile lanak egin dituen
Fatima Ziluagak, eta jarraian, esker ona erakusteko asmoz, omenaldia eskeini zieten, liburuak bertan jasotzen duen moduan, lehen bi belaunaldietan euskararen alde lan egin zuten irakasle eta boluntarioei, lora sorta eta liburua oparituz.
Aitor eta Xabier Iturbe liburuaren egileak eta koordinatzaile lanak egin dituen Fatima Ziluaga aurkezpen ekitaldian. Argazkia: Lekeitioko Eskola Publikoa
Emozioa. Ekitaldi hurbil eta hunkigarria izan zen, eta emozioz beteta, aurkezleez gain, bere kasa ere atera ziren batzuk pasadizoak kontatzera.
Azaldu zutenez, irakaskuntzaren historia
hiru ataletan banatzen da liburuan: Erdi Arotik Franco hil arte, 1975 urtetik aurrera ematen den euskalduntze prozesua eta berrikuntza pedagogikoa eta azkenik, 2000 urtetik gaur egunera arteko epea, hau da orain duten Ikas Komunitatearen proiektua kontatzen du.
Liburua kalean dago jada, eta herriko liburu dendetan eta Lekeitioko Herri Eskoletan egongo dela salgai jakitera eman dute egileek.
‘Eskolatik Escolara’ liburuaren amaieran argazkia atera zuten egileek eta omendutako boluntarioek. Argazkia: Lekeitioko Eskola Publikoa