Astelehenean hasi ziren [abenduak 12] organikoa birziklatzeko ontzi marroiak banatzen Mutrikun. Eta abenduaren 21era arte, herritarrek Konde kaleko bulegotik pasatu eta euren txartela eta ontzia eskuratu ahalko dituzte. Gainera, ontzi marroia jasotzeaz batera, arduradunek organikora zer bota behar den eta zer ez azaltzen diete herritarrei. Eta organikoa birziklatzeko poltsa bereziak ere ematen dizkiete.
Horrekin nahikoa ez, eta hondakin bakoitza zein edukiontzira bideratu behar den azaltzen duen liburuxka ere jasotzen dute herritarrek.
Mutrikuarrak, organikoa birziklatzeko azalpenak jasotzen.
Konde kaleko bulegoko arduradunek jakitera eman dutenez, edukiontzi marroiak (organikoa bota behar den edukiontzia) ipinita daude Mutrikuko kaleetan. “Baina urtarrilera arte, betiko edukiontzia, berdea ez da kenduko;
errefuxa botatzeko edukiontzi grisak ere urtarrilean ipiniko dituzte“. Beraz, urtarrilera arte, herritarrek organikoa edukiontzi marroira bota ahalko dute, eta errefuxa berdera.
Beste alde batetik, jakitera eman dutenez, etxean
organikoa batzeko poltsa bereziak doan eskuratu ahalko dituzte herritarrek urtarriletik aurrera. “Fondaberriko aparkalekuaren aldamenean eta Merkatu Plazako aldamenean
bi makina ipiniko dira, eta horretan, herritarrek poltsa organikoak jaso ahalko dituzte, doan. Baina txartel jabe bakoitzak hilean behin atera ahalko ditu poltsak makinatik (30 poltsa datoz batera)”.