Bigarren eskuko merkatua egingo dute zapatuan, Elantxoben
Tantai Komunitatearen Garapenerako Elkarteak antolatuta, bigarren eskuko merkatua hartuko du zapatu goizean Elantxobek.Elantxobe biziberritzeko eta herriak dituen aukerak handitzeko asmoz antolatu dute jarduera hori. Elkarteak jakitera eman duenez, por...
Elantxobe biziberritzeko eta herriak dituen aukerak handitzeko asmoz antolatu dute jarduera hori. Elkarteak jakitera eman duenez, portuan jarriko dituzte salerosketarako mahaiak, eta, dagoeneko, hamar bat lagunek merkatuan parte hartzeko izena eman dute.
Dena den, beraien produktuak saltzea gura dutenek badute oraindik ere izena emateko aukera, 635 70 36 11 telefonora deituta. Halaber, aurretiaz izena eman ez dutenentzat mahai bi jarriko dituzte egunean bertan.
Zapatuan 11:00etan zabalduko dute merkatua, eta 14:00ak bitartean izango da zer ikusi eta zer erosi Elantxobeko portuan. Saltzea eta erostea baino gehiago eskaini nahi du Tantai elkarteak, eta, horretarako, trikipoteoa eta umeentzako tailer solidarioa ere egingo dituzte. Birziklatutako materiala erabiliz, Gabonetarako mahai erdiko apaingarriak egingo dituzte umeek tailer horietan.
Jan-edanerako txosna
Jan-edanerako tartea ere egongo da zapatu goiz eta eguerdi partean portu inguruan; izan ere, txosna bat jarriko dutela aurreratu dute antolatzaileek. Hala, bertan ateratako etekinak Tantai elkarteak urtean zehar egingo dituen jardueratarako erabiliko dute.