Baserri bako herririk bai? Emakume bako baserririk bai? izenburupean
Maite Aristegi nekazariak hitzaldia emango du
bariku arratsaldean [abenduak 16]
udaletxeko ganbaran.
Euskal Herrian baserriek zein emakume baserritarrak izan duten garrantziaz ariko da hizlaria,
19:00etatik aurrera. Aristegi Bergarako Lamaino-Etxeberri baserriko baserritarra da, eta Euskal Herriko Nekazarien Sindikatuko idazkari nagusia izan zen.
Leixarra elkarteak Mendexako udalaren Berdintasun Batzordearen eta Bizkaiko?Foru?Aldundiaren laguntzarekin antolatu du berbaldia, eta azaldu dutenez, emakume baserritarren “erradiografia” egingo du Aristegik: “Emakumeek tradizionalki baserrietan izan duten papera eta garrantzia azalduko ditu, eta etorkizunari begira ere ikuspegi baikorra eskainiko digu”.
Beraz, Mendexako zein inguruko bizilagunentzat
hitzaldi interesgarria izango dela uste dute, eta gura duenari bertaratzeko deia luzatu diete.
Domekan, antzerkia [abenduak 18]. Barikuko hitzaldia ez da asteburuan Mendexan egongo den kultur ekitaldi bakarra. Izan ere,
domekan Azpeitiko Lakrikun Antzerki Taldearen
Prest gaude! antzezlana egongo da,
udaletxeko ganbaran.
18:00etan hasiko da antzerki emanaldia, baina,
ordu erdi lehenago kafea eta pastak prestatuko dituzte herritarrentzat.
Argazki erakusketa. Bestalde, Leixarra elkarteko kideek aurten ere argazki zaharrekin osatutako erakusketa ikusgai jarriko dute Gabonetako oporraldian.
Hain zuzen ere,
hilaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an udaletxeko ganbaran jarriko dute
Emakumea Mendexan erakusketa, 12:00etatik 14:00etara.
100 bat argazkigaz osatu dute erakusketa, XIX. mende amaieratik gaur egungoetara bildu dituzte.
Leixarra elkarteko kideek 700 argazkitik gora bildu dituzte azken urteotan, eta oraindik ere argazkiak jasotzen jarraitzen dutela gogora ekarri dute:?”Lantzean behin altxor bat agertzen zaigu. Herritarrek argazkiak bidaltzea nahi dugu, gurekin harremanetan jarri daitezela edo udaletxera joan eta handik bideratuko dizkigute”.