Idoia Sagastizabal Unzetabarrenetxea lekeitiarrak atzo [abenduak 13] hartu zuen kargua Espainiako Diputatuen Kongresuan. “Legeak hala aginduta” konstituzioa obedituko duela esanaz hartu zuen kargua, atzoko plenoaren hasieran.
Lekeitiarrak Pedro Azpiazu –Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua– ordezkatuko du, Euzkadi Buru Batzarrak eta Bizkai Buru Batzarrak proposatutako izendapena onartu eta gero.
Jeltzaleen bozeramailea izango da Kongresuko hurrengo batzordeetan: Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuna; Ogasuna eta Funtzio Publikoa; Energia, Turismo eta Angenda Digitala eta Aurrekontuak batzordeetan, hain zuzen ere.
Idoia Sagastizabal diputatu kargua hartzen. Argazkia: EAJ
Bestalde, Diputatuen Kongresurako Bizkaiko jeltzaleen zerrendan zazpigarrena izan zen, ekainaren 26ko hauteskundeetan. “BBk profil ekonomikoa bilatzen zuelako eta beste baldintza personal eta profesionalek eragin dute zerrendan gorago zeudenek –Pilar Ardanza, Javier Aldamiz-Etxebarria eta Joseba Escribano– karguari uko egitea”.
Sagastizabalek 44 urte ditu; Zuzenbidean lizentziatu da eta Masterra du Enpresen Kudeaketan eta Administrazioan. Bizkai Buru Batzarreko burukidea era bada –Lea-Artibaiko burukide kargua ere izan du– eta Bizkaiko jeltzaleen exekutiboan arlo ekonomikoaz arduratu izan da orain arte. “Kargu hori utzi egin behar izan du, talde jeltzalearen Estatutuen arabera funtzio berriagaz bateraezina delako”. Horrez gainera, 2012-2015 urte bitartean oposizioko zinegotzia ere izan zen, Lekeitioko Udalean.
Sagastizabalek, gainera, urteak eman ditu Aldundiko DEMA Agentziarentzat lan egiten, eta, gaur egun, Enplegu eta Sustapen Ekonimiko arloko Teknikaria da.