Kamiñaldeko lanen inguruko batzarra, gaur, 18:00etan
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, Kamiñaldeko lanen azken gorabeheren berri emateko herri batzar zabala egingo da gaur, 18:00etan, Kalare Deuna kofradian.Udal iturriek aurreratu dutenez, Kamiñaldeko lanen inguruko azken berriak emateaz gain, au...
Udal iturriek aurreratu dutenez, Kamiñaldeko lanen inguruko azken berriak emateaz gain, aurrera begira egin nahi dena ere azalduko da. Era berean, lanen finantzatze egoera gaur egun zelan dagoen jakiteko aukera egongo da, eta herritarrek dituzten kezkak argitu ahal izango dituzte.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak adierazi duenez, batzarra mendi magalean lanean ari diren teknikoen azalpenekin hasiko da. Teknikoek lanak zein fasetan dauden azalduko dute, eta lanak amaitzeko hurrengo eman beharreko pausoak zeintzuk izango diren ere zehaztuko dute. «Besteak beste, larrialdi egoerako lanak noiz amaitzea aurreikusten duten azalduko dute. Esan digutenaren arabera, fase hori otsailaren erdirako edo bukaerarako amaituta egongo da».
Larrialdi egoerako lanak amaitzeko, batik bat, mendiaren azken zatiko lurra eta etxebizitzetako terrazetan eroritako harriak kentzea falta da. Aldi berean, Kamiñaldera doan errepidearen zati bat ere irekitzea au- rreikusten da.
Larrialdi faseko lanak amaitu ostean, berriz, urgentziazko lanak egin beharko direla gaineratu du Bedialaunetak. «Fase horretan, beheko aldea amaituko litzateke, eta Kamiñaldera doan bidea osorik zabalduta geratuko litzateke. Baina urgentziazko faserako ez dago oraindik dirurik bideratuta. Beraz, fase horretako lanak noiz hasiko diren ezin dugu oraindik ere zehaztu».
Erakunde guztien beharra
Lanen inguruan herritarrak informatzeaz gain, horien finantzatzeari buruz ere ariko dira. Udalak nabarmendu duenez, erakunde guztien laguntzaren beharra dute. «Larrialdi egoera batean erakundeei laguntza eskatzera derrigortuta gaude. 3,5 milioi euro bideratu ahal izan ditugu, baina horri aurre egiteko 2 milioi euroko mailegua eskatu behar izan dugu. Erakundeei laguntza eskatu diegu, baina, oraingoz, aldundiak bakarrik lagundu digu, 1,5 milioi eurogaz».
Alkateak gogorarazi duenez, lanen kostuari aurre egiteko, herrian egin beharreko hainbat inbertsio atzeratu egin behar izan dira. «Kamiñalden arazo handia daukagu, baina beste gauza asko ere badaude herrian egiteko. Nasa kalea urbanizatzeko dago, eta Kaleandi ere urbanizatu eta igogailua eraikitzeko proiektua ere hor daukagu. Horrez gainera, Zaldupe futbol zelaian aldagelak berritzea ere falta da, eta beste hainbat proiektu ere ez dakigu noiz gauzatu ahal izango diren».