Ondarroako Udalak herri batzarra egin du gaur [abenduak 14] arratsaldean, KamiƱaldeko lanen nondik norakoak herritarrei azaltzeko. Bertan adierazi dutenez, San Inazioko familia gehienak martxoaren hasieran euren etxeetara itzuli ahal izango direla aurreikusten du Ondarroako Udalak.
Udal ordezkariek azpimarratu dutenez, 85 familiak euren etxebizitzetara bueltatu ezinik jarraitzen dute. Eta horietatik gehienak martxoaren hasieran bueltatuko badira ere,
10-15 familiaren kasuan itzulera data hori atzeratu egingo dela aurreratu dute. Hala, kalte handienak jasan dituzten etxebizitzetan bizi direnak konponketa lanak amaitu ostean itzuli ahal izango direla ziurtatu dute, baina data zehatz bat aurreikustea ezinezkoa dela jakinarazi dute.
Ondarroa San Inazio kaleko bizilagunak euren etxebizitzetatik gauzak ateratzen
Lanen finantzatzeari dagokionez,
erakunde publikoen laguntza “behar-beharrezkotzat” jo dute. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak adierazi duenez, Ondarroa “larrialdi egoera” baten aurrean dago, eta “erakundeek euren ardurak” bete behar dituzte. “Eusko Jaurlaritzak gastuei aurre egiteko 2017 hasieran 2 milioi euro emango dituela baieztatu du; Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko 1,5 milioi euro eman ditu, eta Espainiako Gobernuari 2 milioi euroko laguntza eskatuta dago, baina momentuz ezin da jakin diru laguntza jasoko den edo jasoko dena zenbatekoa izango den. Oraindik
beste 8 milioi euro airean daude, eta udalak dagoeneko 3,5 milioi euro ordaindu ditu”.
Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, larrialdi egoera horren aurrean erakunde publikoen aldetik laguntza gehiago ez baldin bada jasotzen, Ondarroan epe laburrean gauzatu beharreko hainbat proiektu ezingo dira aurrera eraman.Eta, horrek, euren iritziz, “herria hipotekatuko” luke. Hori dela eta, erakundeen laguntzaren beharra azpimarratu dute gaurko batzarrean, behin eta berriz.
Bestalde, abokatu baten aholkularitzagaz egoera aztertzen ari direla ere jakitera eman diete herritarrei, “une bakoitzean zein pauso eman erabakitzen laguntzeko”. Eta horrelako egoera larri baten aurrean finantzatzea nondik lortu eta zein bidetatik jo erabakitzeko unean kanpoko aholkularitzaren beharra azpimarratu dute.