Filo Hirota Berrizko Mesedeetako Misiolarien ordenako koordinatzaile nagusiak Bera Kruz Ikastola bisitatu du
Ikastetxean egiten ari diren eraldakuntzak bertatik bertara ezagutzeko Markina-Xemeingo Bera Kruz Ikastolan egon da Filo Hirota Berrizko Mesedeetako Misiolarien Institutuko koordinatzaile orokorra. XX. mendearen hasieran Margarita Lopez de Marturanak sortutako emakumezkoen kongregazio horrek bost kontinentetan lan egiten du.
Instalazio berrietan zehar bisita egin eta, eraldaketa arkitektonikotik haratago, Ikastolan ezartzen ari diren hezkuntza prozesu berritzaileak ezagutzeko aukera izan du. “Metodologia berritzaileek ikasle bakoitzaren garapen personal eta autonomo bat bermatzea ahalbidetzen dute, gaur egungo gizarteari erantzuna emango dioten ikasleak prestatzeko hezkuntza joera berritzaileenekin bat egiten duten metodologiak, hain zuzen ere”, azaldu dute ikastetxekoek.
Filo Hirota Japoniako Gotzainen Batzarreko Zuzentasuna eta Bakea Kontseilu Katolikoko nazinoarteko hartu-emonetarako arduraduna da, bai eta Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Emakumezkoen Fondoko zuzendaritza-batzordeko eta Nazinoarteko Pax Christi erakundeko batzorde eragileko kidea ere. Emakume Erlijiosoen Japoniako Probintzi Buru eta Nagusien Batzordeko presidente eta Manilan dagoen Asiako Gotzainen Batzarreko Federakundeko Giza Garapenerako Bulegoan Idazkari Exekutibo laguntzailea ere izan zen. Filo Hirotak Bolivian, Nikaraguan, Filipinetan eta Mexikon jardun izan du.