Xistera Zirkuituko pilotari onenak aterako dira zapatuan [abenduak 17], Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitateko kantxara, aurtengo denboraldiari amaiera emango dion final handia jokatzeko. Markina-Xemeinen egin zuen Xisterak bere aurkezpena urtarrilean, eta ekainean hasita, Euskal Herriko lurralde guztietatik pasatu den zirkuitua osatu ondoren, indarrak hartuta, Markina-Xemeinera itzuliko da Xistera, lehen Zirkuituari amaiera borobila emateko.
17:00etan hasiko den jaialdiko finalisten artean Lea-Artibai eta Mutrikuko hiru pilotari egongo dira. Nagusien mailan, Narbarte eta Ekhiren kontra jokatuko du Berriatuko klubeko Antxon Alberdik. Asier Anton izango du bikote Etxebarrikoak, eta oso partida ikusgarria izan daitekeela aurreikusten da, bi aurrelariek erraz bukatzen dute-eta tantoa.
Zirkuituko hiru txapelketa irabazi ditu Antxon Alberdik: Durangokoa, Markina-Xemeingoa eta Donibane Lohizunekoa.
Gazteei dagokienez, Gipuzkoa eta Iparralderen arteko norgehiagoka egongo da ikusgai. Gerriko gorriagaz, Mutrikuko Danok Bateko Goixerri IIak eta Mikel Manzisidorrek jokatuko dute, eta urdina defendatuko dute Donibane Lohizuneko Luzean klubeko Etcheberryk eta Labordek.
Markina-Xemeingo txapelketa irabazi zuen Goixerrik, Donibane Lohizunekoa eta Mutrikukoa, berriz, Mikel Manzisidorrek.
Final garrantzitsuak. Xistera Zirkuituaren garrantzia azpimarratu eta zapatuko final handietarako gonbitea luzatu dute gaur goizean, Markina-Xemeingo udaletxean egindako finalen aurkezpenean, Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidenteak, Ibon Urreisti Xistera Elkarteko presidenteak, Isa Mandiola eta Joseba Iraolagoitia Markina-Xemeingo Udaleko kultur eta kirol zinegotziek, eta Santi Olabe Pilotaren Unibertsitateko kantxazain eta zesta-punta irakasleak.
Gaur, Markina-Xemeingo udaletxean egindako finalen aurkezpenean egon dira Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidentea, Isa Mandiola eta Joseba Iraolagoitia Markina-Xemeingo Udaleko kultur eta kirol zinegotziak, Ibon Urreisti Xistera Elkarteko presidentea eta Santi Olabe Pilotaren Unibertsitateko kantxazain eta zesta-punta irakaslea.
Finalen finala Markina-Xemeinen jokatzea «ohore» bat dela adierazi du Joseba Iraolagotiak Markina-Xemeingo Udalaren izenean, Xisterari eskerrak emanez. Eta urtarrilean gertatu zen modura, frontoia berriz ere beteta ikustea «polita» izango litzatekeela azpimarratu du.
Izaro Arbe Markina-Xemeingo puntista eta Xisterako Eskolen Sustapeneko arduraduna ere aitatu ditu kirol zinegotziak, udalak, Xistera bezalako proiektuak eta nesken kirola bultzatzen jarraituko duela nabarmenduz.
Zapatuko jaialdiaren baitan egingo den Miguel Angel Bilbaoren omenaldia azpimarratu du, bestalde, Isa Mandiolak.
«Markina-xemeindarrentzat ondare garrantzitsua den zesta-puntari lotutako guztia jaso du Miguel Angel Bilbaok azken urte luzeetan zesta-puntaren ondare hori gordetzea ahalbidetuz. Liburu bat ere argitaratuta dauka, eta gaur egun, Markina-Xemeinen martxan jarri dugun Zesta-Puntaren Lantaldearen partaidea da».
Hori dela eta, Xisteraren finalak Markina-Xemeinen direla aprobetxatuta, aitorpen bat egin nahi diotela azaldu du.
Xisteratik ere, beharrezko ikusten dutela esan du elkarteko presidenteak, nahiz eta zestaz jolastu ez, beste arlo batetatik zesta-punta zabaldu eta bultzatzen lan egiten dutenak aintzat hartzea. «Horrelako jendea ere behar da zesta mundua bultzatzeko, eta beraz Xisterak ere lagundu nahi du Miguel Angel Bilbaori egingo zaion merezitako omenaldi horretan».
[ELKARRIZKETA] Miguel Angel Bilbaori egindako elkarrizketa irakurri
Finalean egongo diren zortzi pilotariez gain, zirkuitu osoan parte hartu duten pilotari guztiek merezi dutela txapela azpimarratu du Ibon Urreistik. «Azken finean, denak hartu dute parte, elkarrekin borrokan baina elkarrekin lanean, xistera bultzatzen. Txapela batzuk eramango dute, baina pilotari bakoitzak bere txapela eta bere oroimena merezi ditu».
Xistera Zirkuituko finalen aurkezpenean parte hartu duten Xistera eta Euskal Pilota Federakuntzako presidenteak eta udal zinegotziak finaletan emango diren oroigarriak esku artean dituztela.
Udalari ere eskerrak eman nahi izan dizkio Xisterako presidenteak. «Markina-Xemein badakigu zer izan den pilota munduan, eta orain ere, hor jarraitzen dutela demostratzen ari dira. Hasieratik egon dira gurekin, bide erdian ere Xisterakin egon dira, eta urte bukaeran, berriro ere, prest agertu dira guri babesa eman eta lan egiteko».
Urreistik pilotalekura joateko gonbitea luzatu die, azkenik, bai markina-xemeindarrei bai eta inguruko herrietako guztiei. «Etorri pilotalekura ez bakarrik pilota partida bat ikustera, baizik eta ze ilusio dagoen eta jendea ze lan egiten ari den ikustera, gure pilotari gaztetxoei eta neskei lanean eta pilotan jolasten jarraitzeko animatzera, eta hainbeste maite dugun kirol hau mantentzen jarraitzera».
Hobetzeko gogoa. Xistera proiektuak jendearen aurrean sortu duen egoera positiboa aitatzeagaz gain, lehenengo urteko akatsak zuzendu eta bigarren urteari begira gauzak hobeto egiteko asmoa erakutsi du Patxi Jauregik. «Ez da kasualitatea Markina-Xemein zesta-punta munduan unibertsitate bezala kokatzea. Pilotalekuak ere izen hori dauka eta zesta-punta munduan erreferenteak izan dira, hamarkadaz hamarkada, figura handiak izan diren markina-xemeindarrak». Hori dela eta, Markina-Xemein finalen finala jolasteko lekurik egokiena zela iruditu zitzaiola esan du.
«Jarrera oso ona dago Markina-Xemein osoaren aldetik, bai eta klubaren zein udalaren aldetik ere».
Bestalde, bere garaian, zesta-punta euskaldunontzako zer izan zen gogoan eduki behar dela esan du. «Mundu guztian zehar gure oinarriak eta jatorria ezagutzera eman ditu». Hori dena kontuan hartuta, zesta-punta berriro askoz hobeto egotera eramateko ahaleginak merezi duela adierazi du Jauregik. Eta horretarako, Euskal Federaziotik, orain arte bezala, ahaleginak egingo dituztela azpimarratu du.
FINALAK (17:00etan, Markina-Xemeingo pilotalekuan)
Omenaldia. Miguel Angel Bilbao markina-xemeindarrari omenaldia, zesta-puntaren alde egindako lanagatik. Markina-Xemeingo Xemein Abesbatzak abestuko du ekitaldian.
Finalak. Nagusiak mutilak.
Narbarte-Ekhi/
Antxon-A.Anton.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.