Xistera Zirkuituari amaiera borobila emango diote Markina-Xemeinen
Sei hilabeko zirkuituaren ostean, denboraldiko pilotari onenak neurtuko dira Pilotaren Unibertsitateko kantxan. Lea-Artibai eta Mutrikuko hiru pilotari daude finaleanXistera Zirkuituko pilotari onenak aterako dira bihar, Markina-Xemeingo Pilotaren Unib...
Sei hilabeko zirkuituaren ostean, denboraldiko pilotari onenak neurtuko dira Pilotaren Unibertsitateko kantxan. Lea-Artibai eta Mutrikuko hiru pilotari daude finalean
Xistera Zirkuituko pilotari onenak aterako dira bihar, Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitateko kantxara, aurtengo denboraldiari amaiera emango dion final handia jokatzeko. Markina-Xemeinen egin zuen Xisterak bere aurkezpena urtarrilean, eta ekainean hasita, Euskal Herriko lurralde guztietatik pasatu den zirkuitua osatu ondoren, indarrak hartuta, Markina-Xemeinera itzuliko da, lehenengo Zirkuituari amaiera borobila emateko.17:00etan hasiko den jaialdiko finalisten artean Lea-Artibai eta Mutrikuko hiru pilotari egongo dira. Nagusien mailan, Narbarte eta Ekhiren kontra jokatuko du Berriatuko klubeko Antxon Alberdik. Asier Anton izango du bikote Etxebarrikoak, eta oso partida ikusgarria izan daitekeela aurreikusten da, bi aurrelariek erraz bukatzen dute-eta tantoa.
Zirkuituko hiru txapelketa irabazi ditu Antxon Alberdik: Durangokoa, Markina-Xemeingoa eta Donibane Lohizunekoa.
Gazteei dagokienez, Gipuzkoa eta Iparralderen arteko norgehiagoka egongo da ikusgai. Gerriko gorriagaz, Mutrikuko Danok Bateko Goixerri II.ak eta Mikel Manzisidorrek jokatuko dute, eta urdina defendatuko dute Donibane Lohizuneko Luzean klubeko Etcheberryk eta Labordek.
Markina-Xemeingo txapelketa irabazi zuen Goixerrik, Donibane Lohizunekoa eta Mutrikukoa, berriz, Mikel Manzisidorrek.
Aurkezpena
Xistera Zirkuituaren garrantzia azpimarratu eta biharko final handietarako gonbitea luzatu zuten atzo goizean, Markina-Xemeingo udaletxean egindako finalen aurkezpenean Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Fede- rakuntzaren presidenteak, Ibon Urreisti Xistera Elkarteko presidenteak, Isa Mandiola eta Joseba Iraolagoitia Markina-Xemeingo Udaleko kultur eta kirol zinegotziek, eta Santi Olabe Pilotaren Unibertsitateko kantxazain eta zesta-punta irakasleak.
Finalen finala Markina-Xemeinen jokatzea «ohore» bat dela adierazi zuen Joseba Iraolagotiak Markina-Xemeingo Udalaren izenean, Xisterari eskerrak emanez. Eta urtarrilean gertatu zen modura, frontoia berriz ere beteta ikustea «polita» izango litzatekeela azpimarratu zuen.
Izaro Arbe Markina-Xemeingo puntista eta Xisterako Eskolen Sustapeneko arduraduna ere aitatu zuen kirol zinegotziak, udalak, Xistera bezalako proiektuak eta nesken kirola bultzatzen jarraituko duela nabarmenduz.
Biharko jaialdiaren baitan egingo den Miguel Angel Bilbaoren omenaldia azpimarratu zuen, beste alde batetik, Isa Mandiolak. «Markina-xemeindarrentzat ondare garrantzitsua den zesta-puntari lotutako guztia jaso du Miguel Angel Bilbaok azken urte luzeetan zesta-puntaren ondare hori gordetzea ahalbidetuz. Liburu bat ere argitaratuta dauka, eta gaur egun, Markina-Xemeinen martxan jarri dugun Zesta-Puntaren Lantaldearen partaidea da». Hori dela eta, Xisteraren finalak Markina-Xemeinen direla aprobetxatuta, aitorpen bat egin nahi diotela azaldu zuen.
Xisterak ere beharrezko ikusten duela esan zuen elkarteko presidenteak, nahiz eta zestaz jolastu ez, beste arlo batetatik zesta-punta zabaldu eta bultzatzen lan egiten dutenak aintzat hartzea. «Horrelako jendea ere behar da zesta mundua bultzatzeko, eta, beraz, Xisterak ere lagundu nahi du Miguel Angel Bilba- ori egingo zaion merezitako omenaldi horretan».
Finalean egongo diren zortzi pilotariez gain, zirkuitu osoan parte hartu duten pilotari guztiek merezi dutela txapela azpimarratu zuen Ibon Urreistik. «Azken finean, denak hartu dute parte, elkarrekin borrokan, baina elkarrekin lanean, xistera bultzatzen. Txapela batzuk eramango dute, baina pilotari bakoitzak bere txapela eta bere oroimena merezi ditu».
Udalari ere eskerrak eman nahi izan zizkion Xisteraren presidenteak. «Markina-Xemein badakigu zer izan den pilota munduan, eta orain ere, hor jarraitzen dutela erakusten ari dira. Hasieratik egon dira gugaz, bide erdian ere Xisteragaz egon dira, eta urte bukaeran berriro ere prest agertu dira guri babesa eman eta lan egiteko».
Urreistik pilotalekura joateko gonbitea luzatu zien, azkenik, bai markina-xemeindarrei bai eta inguruko herrietako guztiei. «Etorri pilotalekura ez bakarrik pilota partida bat ikustera, baizik eta ze ilusio dagoen eta jendea ze lan egiten ari den ikustera, gure pilotari gaztetxoei eta neskei lanean eta pilotan jolasten jarraitzeko animatzera, eta hainbeste maite dugun kirol hau mantentzen jarraitzera».
Hobetuz
Xistera proiektuak jendearen aurrean sortu duen egoera positiboa aitatzeagaz gain, lehenengo urteko akatsak zuzendu eta bigarren urteari begira gauzak hobeto egiteko asmoa erakutsi zuen Patxi Jauregik. «Ez da kasualitatea Markina-Xemein zesta-punta munduan unibertsitate bezala kokatzea. Pilotalekuak ere izen hori dauka eta zesta-punta munduan erreferenteak izan dira, hamarkadaz hamarkada, figura handiak izan diren markina-xemeindarrak». Hori dela eta, Markina-Xemein finalen finala jolasteko lekurik egokiena zela iruditu zitzaiola esan zuen. «Jarrera oso ona dago Markina-Xemein osoaren aldetik, bai eta klubaren zein udalaren aldetik ere».
Bestalde, bere garaian, zesta-punta euskaldunontzako zer izan zen gogoan eduki behar dela esan zuen. «Mundu guztian zehar gure oinarriak eta jatorria ezagutzera eman ditu». Hori dena kontuan hartuta, zesta-punta berriro askoz hobeto egotera eramateko ahaleginak merezi duela adierazi zuen Jauregik. Eta horretarako, Euskal Federaziotik, orain arte bezala, ahaleginak egingo dituztela azpimarratu zuen.