El Kolmado Ibiltaria Mutrikura ailegatuko da
El Kolmado kulturaren furgoneta ibiltariak geldialdia egingo du Mutrikun, bihar [abenduak 20]. Gipuzkoako Foru Aldundiak “kulturaren kontsumoa sustatzeko” antolatu duen furgoneta Goiko Plazan izango da, 10:00etatik 14:00etara.
Aldundiak Kultura Bonoa jarri du salgai, kultur kontsumoa sustatzeko. Bono hauek ohiko saltokietan daude, eta egitasmo hori lurralde osoan ezagutzera emateko, El Kolmado Ibiltaria sortu dute. Furgonetak herriz herri eraman nahi izan du Kultur Bonuaren atzean dagoen filosofia.
El Kolmado denda bat da, eta bertan premia biziko ondasuntzat hartzen da kultura. “Kamioi bat izango da, herriz herri premia biziko gaiak saltzen ibiltzen ziren horietako bezalakoa”. Bertan, hain zuzen ere, kultura bonuaren nondik norakoaren berri emango diete mutrikuarrei, “informazio gune gisa, eta ez saltoki gisa”.
Bonuen bidez herritarren eskura jarri nahi da kultura, eta ideia hori zabaldu nahi du aldundiak. “Kultura premiazko ondasuna dela adierazi nahi dugu, eta hala egingo dugu, literalki”.