Ia 4.000 kilo elikagai batu dira Mutrikuko Gabonetako bilketa berezian
Mutrikuko Elikagai bankuko kideek jakitera eman duenez, ia 4.000 kilo elikagai batu dira Gabon aurreko kanpaina berezian. Elkarteko kideak pozik agertu dira aurten jasotako kopuruarekin, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete kanpainan parte hartu duten guztiei.
Datuak kontuan hartuta, 2.499 kilo elikagai jaso dira DIA supermerkatuan egindako bilketa berezian, eta Mutrikuko dendetan beste 1.433,60 kilo jaso dira. “DIAn jasotakoa Bergarako bulego nagusietara bideratu da. Dendetan bestalde, oso beharrezkoak diren umeentzako gauza asko jaso ditugu; janaria, esnea eta pardelak, esate baterako”.
Era berean, herritarrek dirutan egindako ekarpena handia izan dela gaineratu dute. “1.039 euro jaso ditugu, eta horietatik 395 euro dohaintzan jasotakoak izan dira. Gainontzekoa, dendetan jasotakoa izan da”. Diru horrekin guztiarekin fruta, arraina eta arrautzak erosi dira. La Mutrikuarra kontserba ekoizleak, bestalde, ekarpen berezia egin du aurten. Hainbat atun lata eman dizkio elikagai bankuari.