San Tomasak ospatzen hasi dira asteburuan Ziortza-Bolibarren, eta jairako gogo eta giro onik ez dute falta izan. Zapatu [abenduak 17] iluntzean hasi zituzten jaiak baserritarren kalejiragaz, eta San Tomas egunean amaituko dituzte ekimenak, talo jan herrikoiarekin.
Urtero modura, lan tresna eta ortuariak hartuta, errentero eta etxejabeen arteko sari ordainketa irudikatu zuten ume, gazte eta nagusiek, eta herri afarian batu ziren gero
164 lagun, Joxparen dantzaldiagaz zapatuari amaiera bikaina emateko.
Umeak baserritar jantzita errentero eta etxejabeen arteko etxe sari ordainketaren antzezpenean.
Jai giroan, eta San Tomas festen esanahia irudikatuz, usadioa berreskuratu eta alai pasatu zuten zapatu gaua. 19:30ean hasi zen
baserritarren kalejira herrian zehar. Soinujoleak aurretik joan ziren, bidea zabalduz, eta ondoren, umeak kriseiluekin, eta berekatz txorta, piper gorri eta ordainketa egiteko otzaratxoekin. Errentero bi ere joan ziren umeekin batera, oiloak eramanaz etxe sari ordainketarako, eta ugazaba jaun andreak atzetik, inude eta neskame eta haurrekin. Baserritarrak ere hartu zuten parte kalejiran.
Herrian zehar buelta bat emanda, frontoian amaitu zuten ibilaldia, “errenteroari ordainketa” egiteko. Ugazabak mahaiaren atzekaldean jarri ziren eta baserritarrak mahaian uzten joan ziren oilo, sagar, intxaur, indar, arrautza, txorizo, odoloste eta janariz betetako otzarak. Ekitaldia amaitzeko koplak abestu zituzten, guztiek batera, afaltzen hasi aurretik.
Txapel jaurtiketa. Zapatu gauean ibilita bazeuden ere, atzo goizean [abenduak 18] , jaiagaz jarraitzeko gogoz, plazan elkartu ziren Ziortza-Bolibarko bizilagunak. Txistulariek alaitu zituzten kaleak meza aurrean bai eta ostean ere, irrintzi saioarekin hasi aurretik.
Lau herritar animatu ziren irrintziak botatzera: Nerea Foruria, Alazne Etxebarria, Maitane Polo eta Jabi Polo. Eta ume batek ere bere ahalegina egin zuen. Bi bidar bota zuten irrintzia zein baino zeinek luzeago.
Ume bat txapela jaurtitzen.
Parte hartze handiagoa eduki zuen, jarraian egin zen txapel jaurtiketak. Txiki, gazte eta nagusiak animatu ziren txapela jaurtitzera. Iaz egin zen txapel jaurtiketa lehen aldiz, eta zaletasuna badagoela erakutsi zuten.
Txikiak ahalegindu ziren lehenengo, eta nagusiak gero. Txapela, gunetik irten barik urrunera botatzea ez da bat ere erraza, hala ere, ahaleginak eginda, Ane Arakistain, nagusietan, eta Amets Azkaiturrieta eta Oihan Larruskain umeetan izan ziren marka onena lortu zutenak.
Arratsaldean ere, jolaserako aukera eduki zuten umeek. Tailerrak, puzgarriak eta txokolatada eduki zituzten, nahi beste gozatzeko.
Santo Tomas Eguna. Asteburua pasatuta, eguaztenean [abenduak 21] jarraituko du jaiak. sTxistularien kalejirak iragarriko du San Tomas eguna, eta 12:00etako mezaren ostean, salda beroa eta kopaua hartzeko aukera edukiko dute Arkupe tabernan batzen diren guztiek. 17:00etan, berriz, talo jana egongo da herritar guztientzat.