Ondarrokoa Zaldupe Eskola Publikoko LH 2.mailako ikasleek
proiektu berezia gauzatu dute. Izan ere, Danonartin elkarterako janari bilketa egin dute. Gelan landu duten proiektua izan baldin bada ere, hainbat herritarren beharra asetzeko balioko duelako pozik daude ikasleak.
Proiektua 2. mailako 40 bat ikaslek bultzatu badute ere, oro har,
ikas komunitate guztiak parte hartzeko aukera izan duela nabarmendu dute. Hain zuzen ere, gelarik gela ibili dira jakiak batzen. “HH2tik LH6ra bitarteko ikasleek euren ekarpena egiteko aukera izan dute”, azaldu dute LH2-ko ikasleek.
Abenduaren 5ean hasi ziren bilketa egiten, eta egunero-egunero gelaz gela joan dira jakiak batzen. Gaur [abenduak 20] amaitu dute bilketa, eta
Gehikiloan dena pisatu ostean,
422,323 kilo batu dituztela baieztatu dute. Hasiera bateko erronka 400 kilo jasotzea baldin bazen ere, azkenean hori eta gehiago jaso dituzte ikastetxean. “Oso pozik gaude erronka betetzea lortu dugulako. Eskerrak eman nahi dizkiegu janaria ekarri duten guztiei, eta proiektu hau aurrera eramaten lagundu dute guztiei”.
Zaldupeko ikasleak Danonartin elkarteko kideei batutako jakia eskura ematen, Gurutze Gorriko boluntarioen laguntzagaz
Ikasleek adierazi dutenez, “denetik pixka bat” batzea lortu dute. Olioa, pasta, lekaleak, polboroiak, esnea, askotariko kontserbak, turroiak… Horiek denak gaur jaso dituzte, eta Gurutze Gorriko boluntarioen laguntzagaz Danonartin elkarteko lokalera eraman dituzte. Bertan, elkarteko kideek egiteko duten
lana gertutik ezagutzeko aukera izan dute.
Ikasleak ilusio eta gogo handiagaz ibili dira bilketa egiten, eta horrez gain, proiektuak beste
hainbat gai lantzeko balio izan diela azpimarratu dute haien irakasleek. “Egunero jakiak pisaten aritu gara, neurketak egin ditugu, oharrak prestatu ditugu gurasoentzako, Danonartin elkarteko arduradunak ere elkarrizketatu ditugu…”.