HAPO berria eratzeko erakusketa, Lekeition
Herri Antolamendurako Plan Orokorra ( HAPO) datozen urteetan Lekeitioko udalerriaren lurzorua hirigintza ikuspegitik eta osotasunean antolatuko duen dokumentu edo plangintza da. Udalak jakitera eman duenez, gaur egun indarrean dagoen plan orokorra 1996ko martxoan onartu zuten behin betikoz. “Ordutik hona, hogei aldaketa puntual baino gehiago jasan ditu dokumentuak, azkena, 2007an behin betikoz onartutakoa”.
2007an planak berrikuspena behar zuela erabaki zuen udalak, eta ordutik, gorabehera asko izan ditu. “Urte hauetan egoera asko aldatu da: krisi ekonomikoa, jarduera ekonomikoen moteltzea, eraikuntza sektorearen gainbehera, etxebizitzen salmenten beherakada nabarmena… Bestalde, araudiari dagokionean, 2006. urtean Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, onartu zen, Gernika-Markinako Lurralde Plan Partziala, Plan Sektorial batzuk… Ondorioz, gure plan orokorrak egokitzapen batzuk egin behar ditu eta araudi hauetako zehaztapenak bereganatu”.
Prospektiker enpresak 2009an eta Elhuyar enpresak 2013an parte hartze prozesuak antolatu zituzten, eta horietan jasotako datuak eguneratu ostean, 2016.urtean lantalde batzuk osatu ziren. “Bertan, aurreko prozesuetan oinarrituz, herriaren antolamendurako giltzarriak aztertu ziren ikuspuntu ezberdinetatik”.
Erakusketa. Aurretik jasotako informazio horretan guztian oinarrituta orain, oinarrizko aurrerakin dokumentu bat aurkeztuko diete lekeitiarrei, aukera ezberdinekin, euren iritziak eta ekarpenak eman ahal izateko. Dokumentua eta aukera ezberdinak Barandiaran aretoan egongo dira ikusgai abenduaren 22tik urtarrilaren amaierara arte, erakusketa formatoan. Gainera, zalantzak argitzeko solasaldiak ere antolatuko dituztela jakitera eman dute. Horrela, abenduaren 22an eta 29an eta urtarrilaren 4an, 18an eta 30ean, teknikari baten azalpenak entzuteko aukera egongo da, Barandiaran aretoan bertan, 18:00etatik 20:00etara.
“Udalaren aldetik, argi daukagu, natura ingurunea eta eraikitako ondarearen babesa izan behar direla Lekeitioko ardatz egituratzaileak. Gainera, indarrean dauden Arau Subsidiarioak aurreikusten zituzten hiri-hazkundeak gaur egungo errealitatearekin bat ez datozela deritzogu”.
Hori dela eta, gizartearen beharrizanak asetzera bideratuko liratekeen hiri-garapenak lehenetsiko direla esan dute. Hau da, babes ofizialeko etxebizitzenak eta zuzkidura-bizitegiak, besteak beste. Diotenez, beste edozein garapen, herri barruko tramaren egokitzapen lanetan justifikatuta egon beharko litzateke. “Ezin gara ahaztu, herriko ekonomi jarduerentzako gune aproposa zehaztu behar dugula; jarduerarentzat eta herritarrentzat egokiena litzatekena”.
Postontzia. HAPOren inguruan, oraindik, erabaki asko daudela hartzeko dio udalak, eta beraz, herritarrak ekarpenak egin eta iritziak ematera animatzen dituzte.
Euren iritzia eman ahal izateko, postontzia edukiko dute herritarrek, Barandiaran aretoko erakusketan. Horrez gain, taula bereziak ere egongo dira, eta bertan post-it-ak itsatsi ahal dituzte ekarpen ezberdinekin. Hala ere, hapo@lekeitio.eus helbidera ere bidali ditzakete euren iritzia, eta ekarpenak idatziz ere entregatu daitezke bulego orokorretan.