Mutrikuko pala txapelketako finalistak erabakita geratu dira
Aurreko zapatuan [abenduak 17] Mutrikuko Pala txapelketako finalerdiak jokatu eta gero, hilaren 24an, 11:00etatik aurrera Miruaitz frontoian jokatuko diren final handiko parte hartzaileak erabakita geratu dira. Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, bi mailatan banatuta jokatuko dira finalak: 1. mailan eta 2. mailan, hain zuzen ere.
2. mailako finalistak izango dira kantxara salto egiten lehenak. Anderrek eta Julenek osatutako bikoteak Zigorren eta Txikiren aurka ariko dira datorren zapatuan. Anderrek eta Julenek, hain zuzen ere, finalerako txartela Gorkari eta Juani 25-10 irabazi eta gero lortu dute. Zigorrek eta Txikik, berriz, Xabiri eta Hodeiri 25-18 irabazita lortu dute finalerako bigarren txartela.
1. mailako finalistak, berriz, Kepa eta Beñatek osatutako bikotea eta Manzisidor eta Xabi izango dira. Igor eta Enekori 25-22 irabazi ondoren lortu dute Kepa eta Beñatek finalerako txartela, eta Bolini eta Akillari 25-13 irabazi eta gero Manzisidorrek eta Xabik.