Adinekoen potentziala erabiliz eta zahartze aktiborako aukerak sortuz, udalerria adinekoentzat komunitate adeitsuagoa bihurtu eta sustatzea helburu duen
Hiri adeitsuak adinekoekin proiektua jarriko du martxan Lekeitioko Udalak. Esan dutenez, Lekeitio, proiektu horretan sartuko den Lea Artibaiko lehenengo herri handia izango da.
Proiektuak
lau fase ditu: plangintza, plana gauzatzea, egindako prozesuen ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza. Lekeitioko Udalak 2017an martxan jarriko duen fasea plangintzari dagokiona izango da, hau da, mekanismoak ezartzea adinekoek proiektua prestatzen parte har dezaten. “Lekeitioko udaletik, gizarte bezala egin behar dugun ibilbide honetan, lehenengo pausua eman nahi da. Inklusiboa, jendartekoa, ingurune atsegin eta partehartzaileak sortzen dituena eta gizartea osatzen dugun pertsona guztien kohesioa, gure nortasunaren seinale bihurtzen dena”.
Udalerria adinekoentzat komunitate adeitsuagoa bihurtu eta sustatzea du helburu proiektuak.
Bizitzen Fundazioa izango da proiektua dinamizatuko duena. “Bizitzen Fundazioa 2007tik darama elkarlanean Lekeitioko Udalaren programa ezberdinak aurrera ateraz. Erakunde ezaguna eta errotua da Lekeition, eta hauxe da ezagutza sakona eskaintzen diona ekimen honen inguruan”.
Adinekoak, teknikariak, toki eta udal ordezkari politiko eta komunitateko bestelako eragileak osatuko dute proiektuaren
talde eragilea. “Aldundiaren esparru estrategikoarekin bat, Bizkaiko lurralde eta gizartearentzat adinekoen parte-hartzeak eta ekarpenak duten berezko balioa erabili nahi da prozesu horiek ezartzeko orduan. Are gehiago, adinekoek protagonista nagusiak izan behar dira prozesu horretan, eta gurekin lankidetzan aritu behar dira identifikatzeko zer puntu ahul eta zer abantaila dauden komunitatearen adeitasunari dagokionez, beraien ahalduntzea sustatuz”.