Guztira, 4.713.652,41 euroko aurrekontua onartu du Markina-Xemeingo Udalak 2017rako, iaz baino 280.350 euro gehiagokoa. Urteko azken osoko bilkuran [abenduak 29] aurkeztu eta onartu zuten aho batez, udalbatza osatzen duten EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin. Azken urteetako irizpideari jarraituz, aurten ere ez dutela tasarik igoko nabarmendu du udalak.
Arlo sozialetan eta erronka berrietan jarriko dituztela indarrak jakitera eman dute. Horrela, 2017an ere, mantendu egingo dituzte arlo sozialari lotutako partidak. Hala,
gizarte zerbitzuetara 346.000 euro bideratuko dituzte,
Berdintasunaren alorrerako 50.000 euro edukiko dituzte eta
Euskarak 77.000 euroko partida edukiko du.
![Markina-Xemeingo udaletxea.](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2013/11/MARKINA_XEMEINGO_UDALETXEA-300x136.jpg)
Markina-Xemeingo udaletxea.
Aurrekontuetan barneratu dituzten proiektu berrien artean daude, besteak beste, herriko
etxebizitzen inguruko ikerketa egitea (8.000 euro),
musika eskola (60.000 euro),
energia berriztagarriak (83.000 euro) eta
ondare historikoa babestu eta kudeatzea (10.200 euro).
Horiez gain, jarduera ekonomikoetarako 132.351 euroko partida onartu dute: Landa Garapenerako, Azaro Fundazioarako, Garapen Agentziarako eta merkataritza eta turismorako.
Espero baino diru gutxiago. 2017rako, uste zutena baino diru gutxiago izango dutela ere azaldu du udalak. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak espero baino diru gutxiago bildu du 2016an, eta udalei, azken urte horretan eman dieten gehiagoko kopuru hori orekatzeko, gutxiago emango diete 2017an. “Oraingoz, zeren hori ez dago jakiterik datorren otsailera arte,
237.000 euro inguru da Markina-Xemeingo Udalak jasoko ez duena”, zehaztu dute.
Toki erakundeak finantzatzeko modua aldatzea “bidezkoagoa eta egokiagoa” ez ote litzateken adierazi dute. “Hau da, jasotako dirua behin betikoa izatea eta diru sarreren aurrekontua ez egotea foru diru bilketaren gorabeheren menpe”.
Urtero modura, Markina-Xemeingo udal ordezkariak inguruko baserri auzoetara joango dira aurrekontuak aurkeztu eta auzoetako premia eta hobekuntzen jarraipena egitera. “Auzoetako bizilagunek eta udalak berak ere, balorazio positiboa egiten dugu bilera horien inguruan, eta beraz, udalak, bilerekin jarraituko du”.
Aurrekontuen gaineko informazioa, eskuragarri jarriko dute, bai eta ere,
Markina-Xemeingo Udalaren web orrian.