Leire Bilbao Barruetabeñak (Ondarroa, 1978) irabazi du aurten
Zarauzko Udalak antolatzen duen Lizardi Saria. Hamahiru lan aurkeztu dira 35. Lizardi Sarira, eta ondarrutarraren
Pikondoaren balada lanaren alde egin du Yolanda Arrietak, Alexander Gurrutxagak, Miren Agur Meabek eta Nerea Arrienek osatutako epaimahaiak.
3.700 euroko saria jasotzeaz gain, bere lana argitaratuko dute. Zarauzko Kultura Departamentuak aurreratu duenez, argitalpena sari banaketa egunea emango dute argitara, 2017ko apirilean. Horrez gain, ohi duten modura, Zarauzko Kultura Sailak liburuaren 2.500 ale banatuko ditu doan Zarauzko ikastetxeetan.

Leire Bilbao, artxiboko irudian
“Ez zela jaitsiko pikondotik”, horixe aldarrikatzen du ipuinaren hasieran Martinaren osabak, eta jarrera horren inguruan ardaztuz joango da aurrerantzean
Pikondoaren balada. Martinak etxeko giroaren berri emango du istorioan; nagusiki, etxekoen egoera nola aldatzen den gerra iristen denean. Aitaren eta osabaren arteko dikotomiaren bidez, baina batez ere osabaren pertsonaiaren bidez, bakearen aldeko apustuak zer zailtasun dakartzan kontatzen du ipuinak.
Errealitatea eta fantasia uztartzen ditu idazleak, osabaren metamorfosia gerraren aurkako aldarri moderno bihurtuz. “Estilo zaindua eta dotorean idatzitako ipuina” dela nabarmendu dute antolatzaileek, “ahozkoaren eragin aipagarriarekin”. Gazte literatura izanagatik ere, helduentzat ere erakargarria dela gaineratu dute, gaitasun literarioengatik ez ezik, bestelako gai eta balioak jorratzeko aukera ematen duelako.
(Iturria: Zarauzko HITZA)