Maiatzean hasiko dira organikoa birziklatzen Lea-Artibaiko herri batzuk
Maiatzaren 21etik aurrera, Lea-Artibai Amankomunazgoa osatzen duten herri batzuk (Berriatua, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar) organikoa birziklatzen hasiko dira. Azaldu dutenez, herri batzuetan bosgarren edukiontziagaz hasiko dira organikoa birziklatzen, eta beste batzuetan auzo edo auto konpostajearen bidez. Amankomunazgoko ordezkariek jakitera eman dutenez, erabakia abenduaren 20ko bileran hartu zuten.
Ispasterren, esaterako, autokonpostaren bidez birziklatuko dute. Beraz, bosgarren edukiontzirik ez dela ipiniko esan du Amankomunazgoak.
Lekeition, bestalde, bilketa sistema berria uda ostean martxan jartzea aurreikusten dute, zabor bilketaren kontratua aldatu eta gero.
Amankomunazgoko ordezkariek jakitera eman dutenez, hondakin organikoak zaborraren zatirik handiena dira. “Beraz, guztiz beharrezkoa da hondakin organikoaren bilketa antolatzea”. Eta egiteko horretan, herritarren partaidetza “ezinbestekoa” dela esan dute.
Azaldu dutenez, Bizkaian, hondakin organikoa sortzen den zabor guztiaren %43,86 da. “Ez dago beharrik zaborraren zati handi hau suntsitzeko; ongarri legez berreskuratu ahal da. Horrela, lurretik ateratako elikagaiak lurrera itzuliz, materia organikoaren zikloa ixten dugu”.
Hondakin bilketa sistema berria martxan ipini eta gero, Amankomunazgoak gaur egun daukan birziklapen tasa (%27) hobetzea aurreikusten dute. “Pena da Bizkaiko gainerako herrietan organikoa birziklatzeko aukerarik ez edukitzea. Baina espero dugu berandu baino lehen gainontzeko udalek ere gurekin bat egitea”.
Birziklatzea “erraza” da. Azaldu dutenez, herritar gehinek badakite hondakinak sailkatzen. Eta tarteka zalantza batzuk sortzen badira ere, horiek gutxi izaten direla agertu dute. “Zalantza guztiak argitzeko, bilketa sistema berria martxan jarri baino lehen informazioa helaraziko diegu herritarrei”.