Berriatuko mendizaleek antolatuta eta Berriatuako Udalak lagunduta, IX. Berriatuko Ermiten Ibilbidea egingo da domekan [urtarrilak 8].
Antolatzaileek iragarri dutenez, mendi martxan parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute
izena, 08:00etatik aurrera, Herriko plazan. Adierazi dutenez, izen ematea sei euro izango da pertsonako. “Parte hartzaile bakoitzak mendiko bisera bat jasoko du opari, eta horregaz batera, hamaiketakoa jateko aukera ere izango du”.
Probari dagokionez, urtetik urtera mendizaleen artean arrakasta gehiago izaten ari da. Iaz, esate baterako, 370 bat parte hartzaile batu ziren kirol proban, eta aurten, aldiz, hori eta gehiago batu nahi dituzte antolatzaileek. Azaldu dutenez, 400 bat parte hartzaile bildu nahi lituzteke.
Proba, berriz, 08:30ean hasiko da udaletxe paretik, eta parte hartzaileek
bi ibilbide izango dituzte aukeran: 21 kilometroko ibilbide luzea eta 14 kilometroko ibilbide laburra.
Berriatuko Ermiten Ibilbidean parte hartu zutenak, iaz, hamaiketakoa egiten. Argazkia: Berriatuko Udala
Ibilbide luzea egitea aukeratzen dutenek, ohi modura, herria inguratzen duten zortzi ermiten albotik igaroko dira, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, gainera,
ermitak zabalik egongo dira egun horretan. “Nahi duenak, kirola egiteaz gain, ermitak barrutik ere ikusteko aukera izango du. Modu horretara, parte hartzaileek bertan daukagun ondare artistikoa eta arkitektonikoa ezagutu ahal izango dute”. Hala, ibilbide luzea egiten dutenak honako ermiten albotik igaroko dira: San Juan, Madalena, Santa Kutz, San Juan (Gorozika, Ondarroa), Andra Mari, San Lorentzo, San Antolin eta, azkenik, Aitxe Kurutz.
Ibilbide laburragoa egitea aukeratzen dutenek, bestalde, antzeko ibilbidea egingo dute, baina ez dira igaroko bi ermitaren albotik. Hau da, San Lorentzo eta San Antolin ermitetatik ez dira igaroko; beraz, Andra Maritik Aitxe Kurutz aldera joango dira zuzenean, bidea nabarmen laburtuz.
Antolatzaileek gaineratu dutenez, bide erdian,
hornidura gunea egongo da, Gorozikako San Juan ermitaren aterpean. “Parte hartzaileek indarrak hartzeko aukera izango dute. Bertan, besteak beste, salda beroa edo txokolatea hartu ahal izango dituzte”. Azkenik, parte hartzaileek ibilbidea amaitu ahala, Herriko plazan egingo den hamaiketagoagaz gozatu ahal izango dute.