Herritarren ekarpenak barneratuta, 7,8 milioi euroko aurrekontu proposamena osatu du Lekeitioko Udalak
Pertsona ezinduentzako aparkalekua egitea eta arriskuak ekiditzeko Ateatik Magdalena aldetik oinezkoentzako espaloia egin eta saihesbideko zirkuitua osatzea dira, besteak beste, udalak onartutako proposamenetako batzuk. Beste ekintza edo lan batzuk, ostera, aztertzeko konpromisoa hartu dute, “teknikoki posible den ikusteko”. Beraz, aztertzeko daude, esate baterako, Garbiguneraino bide bazterretik espaloi bat egitea, Oletarako ibilbidea adinenkoentzat egokitzea edo saihesbidearen bazterretan dauden lur publikoek ze aukera ematen duten ikustea, erabili ahal izateko.
Bestalde, udalak azaldu duenez, EH Bilduk aurkeztutako bost emendakin onartu dituzte osotasunean eta beste bi partzialki. EH Bilduk aurkeztuta osotasunean onartu dituzten emandakinak hauek izan dira: Gizarte larrialdien partida 3.000 eurotan igotzea; Berdintasun Planaren partida 2.000 eurotan igotzea, azken urteetan egindako lanari bultzada bat emateko; Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren aurrekontu partida 2.000 eurotan igotzea; San Antolin jaietako partida 4.500 eurotan igotzea eta San Pedro jaietako partida 1.700 eurotan igotzea.
Bestalde, kirol taldeen diru laguntza 5.000 eurotan gehituko dute, eta ez EH Bilduk proposatzen zuen modura 15.000 eurotan, eta aratusteen partidarako EHBilduk planteatzen duen 1.500 euroko igoera banatzea proposatu du Udal Gobernuak. Horrela, urtarrilaren 6an egiten den Bonbilloneko kabalgata antolatzeko orain arte udaletik ematen izan zaizkion 400 euroei beste 700 euro gehituko zaizkie, eta gainontzeko 800 euroak aratusteetako partidara joango dira. “Gainontzeko emendakinak Abaroa eremuarentzat eta eraikin txikia egokitzen hasteko 30.000 euro zuzentzea, euskara sailaren partida 12.900 eurotan igotzea, Udalbiltzari 10.000 euro ematea, Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiari ekarpena egitea, Gaindegiari ekarpena egitea eta AEK-rentzat lokal berri bat egin edo lortzea izan dira”.
Horrez gain, OHGZren igoerak etxebizitza jabe batzuei suposatuko dien kostuari aurre egiteko 15.000 euroko partida egotea ere proposatu du EH Bilduk, baina Eusko Jaurlaritzak ematen dituen Gizarte Larrialdietarako Laguntzen bidez edo dagokion baldintzak betez, Gizarte larrialdien partidatik bideratuko dela kostu hori esan dute.
Obren partidak gutxitzea. EHBilduk aurkeztutako proposamen gehienak artapen eta konponketen partida gutxitzearen kontura izan direla ere, esan du udalak. “Besteak beste, udal eraikinen mantentzera bideratutako dirua gutxitzearen kontura. Udal Gobernutik baieztatu da udal eraikinak egoera onean mantentzeko inbertsioak egin behar direla”, azaldu dute.
Azken konponketa lanak Gazteguneko teilatuan egin ditu Lekeitioko Udalak, eta EH Bilduk eraikina egin zuen enpresari erantzukizuna eskatu eta teilatuaren konponketarako zuzenduta dagoen diru hori kirol elkarteei bideratzea planteatzen duela azaldu dute. “Zoritxarrez enpresari ezin zaio jada erantzukizunik eskatu, bermearen indarraldia aurreko legealdian indargabetu baitzen. Beraz, Udalak egin behar izan dio aurre teilatuaren konponketa lanen kostuari 2016an”.
EH Bilduk EUDEL-eri egiten dioten ekarpena ere jaistea proposatu duela aitatu du udalak, baina herri bakoitzari kuota bat zehazten diotela eta kopurua ezin dela aldatu argitu dute.
Ekarpen guztiak kontuan hartu ondoren, 7.824.601 euroko aurrekontu proposamena egin du Lekeitioko Udalak 2017rako. Datorren astelehenean [urtarrilak 9], 19:00etan, batzar zabala egingo dute kultur etxean aurrekontuen azalpena emateko, eta eguenean [urtarrilak 12] aurrekontuak Osoko Bilkurara eramango dituzte bertan eztabaidatu eta onartzeko.