Ondarroa 2016 urtekariaren aurkezpena egin dute Ondarroako Historia Zaleak elkarteko kideek gaur [urtarrilak 5] eguerdian, Alamedan. Urtero legez, OHZkoek hainbat gai eta argazki jaso dituzte urtekarian. Urtero falta ezin diren gaiez gain, beste hainbat erreportaje berezi ere jaso dituzte.
Erreportaje berezien artean, esate baterako, Lima (Peru) inperialeko alkate izandako Domingo Garro ondarrutarraren historia jaso dute. Garro XVI. mendean Ondarroatik Peruko erregeorderriko lurretara kontu kudeatzaile legez joan bazen ere, Limako alkate ere bihurtu zen. Horrez gain, errege eta erregeordeen kontulari izan zen, eta garaiko negozio gizon garrantzitsuena ere bilakatu zen.
Horrez gain, portuan arraina deskargatzeko sistemak zelan aldatu diren jaso dute, eta Frankismo garaian Ondarroako kaleetan ipinitako lehenengoko ikurrinen historia ere bai, argazki eta guzti. Era berean, herriko arraun taldeari buruzko artikulua ere agertzen da azken urtekarian. “Gure mutilek aurten egin dute behar guztia jaso dugu. Aurten gertatu da, baina azken finean historia egin dute, eta hori hor geldituko da jasota”.
OHZko kideak ‘Ondarroa 2016’ urtekaria saltzen Alamedan
OHZkoek gaineratu dutenez, irakurleak urtekarian “klasiko” bihurtu diren beste hainbat atal aurkitu ditu. Besteak beste: Erdi Aroko kronikak, orain 100 urte jaiotako jendearen zerrenda eta itsasoko berben hiztegia. Betiko legez, gainera, herriko baserrietako historia ere agertzen da urtekari berrian. Aurten, hain zuzen ere, Alleri Barri eta Santa Ana baserrikoekin kontu kontari aritu dira, eta hori jaso dute.
Bestalde, argazki zaharren otzara aurten gainezka egon dela ere adierazi dute. “Argazki asko ailegatu zaizkigu eskura, eta aurten horregatik, urtekarian inoiz baino argazki gehiago aurkituko dituzue”.
Izenean ere, berritasuna. Aurten, berritasun modura, urtekariaren izenak moldaketa ere zergatik izan duen azaldu dute OHZko kideek. “Beste urteetan urtekariaren izena H hizkiagaz egon da idatzita, eta jendeak H barik nahi duela kontuan hartuta, horregatik kendu diogu aurreko H hizkia”.
OHZko kideak Ondarroa 2016 urtekaria eskuetan
Kaleratu berri den argitalpena “bihotz guztiagaz” egin dutela ere nabarmendu dute. “Behar asko egin ondorengo emaitza bat da, eta borondatez egindakoa”. Era berean, urtekaria osatzerako orduan izan duten hainbat herritarren laguntza ere eskertu dute, “beti dagoelako norbait artikuluak idazteko, argazkiak batzeko edo lagatzeko prest”.
OHZkoek aldarrikatu dutenez, gainera, “denon artean egin behar da historia”, eta hori dela eta, herritarren laguntza eskatu dute. “Etxean baldin baduzue argazki zaharrik, edota herriari buruzko zer edo zer idatzi nahi baldin baduzue, esku zabalik hartuko dugu zuon ekarpena, eta poz-pozik argitaratuko dugu. Azken finean denon artean herriko historia batu, eta hori etorkizunera begira bilduta lagatzea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta denon artean osatutako zerbait aberasgarriagoa da”.
Beatriz Zubikarai gogoan. Ezin izan dute aurkezpenan aipatu barik utzi, oraintsu hil den Beatriz Zubikarai ere. “Azken finean OHZko kideok hau hasi ginen egiten 2001ean, baina aurretik Augustin Zubikaraik hasi zuen hau bide hau, eta guk jarraitu egin dugu. Kolaborazioren bat eskatu izan diogunean, Beatriz beti egon da prest, eta gogoan eduki nahi genuke”.
Alamedan aurkezpena egiteagaz batera, argitalpena saltzen ipini dute, eta OHZkoek azaldu dutenez, herriko prentsa salmenta puntuetan eta liburu denetan ere erosi ahal izango da. Gaurtik aurrera, eta sei euroren truke, honako tokietan erosi ahal izango da argitalpen berria: Irkaitz, Idiakez, Zurrumurru, Garoa, Turismo bulegoa eta Kurike.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.